Nafarroa

Dionisio Mujika antolatzaile eta gai-jartzailea hil da

2020/11/02
1936an Asteasun jaioa, Lesakan bizi zen aspaldian. 1979an Paulo Yanzi sariketa jarri zuen martxan, gerora Nafarroako Bertsolari Txapelketa bihurtuko zena.

Atzo zendu zen Dionisio Mujika Arrue (Asteasu, Gipuzkoa, 1936), bertso antolatzaile eta gai-jartzailea, 84 urte zituela. Izatez gipuzkoarra, Lesakan bizi zen 1960ko hamarkadatik, eta hango bertso munduan egin zen ezagun, antolatzaile gisara batez ere. Hain zuzen ere, Paulo Yantzi sariketa antolatzen aritu zen 1979tik aurrera, Nafarroako Bertsolari Txapelketarik ez zen garaian (1966an egin zen ordura arteko azkena; hain zuzen ere, bertsolari gisara parte hartu zuen ordukoan Mujikak). Denborarekin, Nafarroako Bertsolari Txapelketa bihurtu zen hastapenean Paulo Yantzi sariketa zena.

Etxeko girotik zetorkion Mujikari bertsozaletasuna, berak aitortu bezala. Bertsolari gisara ere aritu zen kantuan gaztetan, plazaz plaza. Gerora, batez ere antolatzaile eta gai-jartzaile aritu zen, Nafarroan ia desagertuta zegoen bertsolaritza suspertzeko lanetan. 1999an, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, Lesakan, omenaldia jaso zuen egindako lanagatik.

Dionisio Mujika, 1999an Lesakan egindako omenaldian.