Nafarroa

Atzeratu egin dira Nafarroako Bertso Negulekuak. Egonaldiak ekainean egingo dira

2021/12/01
Nafarroako Bertso Negulekuak abenduaren 28tik 29ra egitekoak ziren. Izena emandako hainbat ikaslek joateko ezintasuna erakutsi dute azken egunetan. Gainera, Nafarroako osasun egoerak nabarmenki egin du okerrera eta Nafarroako Gobernuak neurri berriak iragarri ditu hurrengo egunetarako. Aipatutakoa kontuan harturik, Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitasmoa atzeratzea erabaki du.

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Negulekuak antolatu zituen abenduaren 28tik 29ra, aldi bereko bi txandetan. Lehen Hezkuntzako ikasleek Goizuetan zuten hitzordua, eta DBHkoek, Izaban.

Egonaldia gauzatzeko baldintzak betetzen ez direnez, Nafarroako Bertsozale Elkarteak ekimena atzeratzea erabaki du. Ekainaren 28tik 29ra antolatuko dira egonaldiak, eta leku eta egitarauak bere horretan mantenduko dira. 

Antolakuntzako kideak jarriko dira zuzenean harremanetan izena eman duten familiekin. 

2019ko Negulekuak. LH-ko taldea, Uitzin.