Bost bertso saio izango dira Iruñeko sanferminetan
Bete-betea dator Iruñeko sanferminetako kultur egitaratua eta horren barruan bertsolaritzak presentzia handia izango du aurten. Izan ere, bost bertso-saio izango dira jaiek irauten duten bitartean.
Uztailaren 7an, 20:00etan, bertso merendua izango da Zaldiko Maldiko elkartean Julio Soto eta Xabier Terreros bertsolariekin.
9an, 13.15etan, balkoitik balkoirako saioa egingo dute La Unica peñan Fredi Paia, Julio Soto eta Miren Amurizarekin.
10ean, 12:30ean, Muthiko Alaiak elkarteko balkoitik kantatuko dute Jon Maiak eta Julio Sotok.
11n, 20:30ean, egitarau ofizia barneko bertso saioa egingo da Takoneran. Julen Zelaieta, Amets Arzallus, Jon Barberena eta Sustrai Colina arituko dira. Alaitz Rekondok aurkeztuko du saioa.
Eta amaitzeko, 12an, 13etan, Jaigunean bertso trama izango da Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Julio Sotorekin.
Lesakan ere sanferminak ospatuko dituzte eta han ere bertsolaritzarekin gozatzeko aukera paregabea izango da. 7an, arratsaldeko 19etan, jaialdia egingo dute Plaza Zaharrean. Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Erika Lagoma. Eneko Fernandez eta Amets Arzallusek kantatuko dute. Iban Garro izango dute gai-emaile.
Saio guztien gaineko informazioa Bertsolaritzaren datu-basearen agendan aurkituko duzue.