Nafarroa

Bihar abiatuko da Bertsoaroa

2015/10/21
Azaroaren 12ra bitarte hainbat saio, hitzaldi eta emanaldi izango dira Iruñean.

Jota heretikoak: Nafarroa hegoaldeko bertsolaritza Jose Mari Esparzaren hitzaldiarekin abiatuko da bihar Bertsoaroa. Jotek inprobisazioarekin izan duten harremanaz mintzatuko da Esparza. Kondestablearen Jauregiko Civivox hitzaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatutako Bertsoaroaren lehen jarduera izango da hau; azaroaren 12ra bitarte beste hamaika ekitaldi ere izango baitira Iruñean, 25. edizio honen baitan.

Urriaren 24an, Iruñeko Udalaren euskarazko haur programazioaren baitan, Hor konpon Marianton emanaldi berezia eskainiko da. Oskar Estanga eta Hodei Unzuetaren eskutik umorea, bertsoak eta txotxongiloak nahasten dituen haurrentzako emanaldia izango da ikusgai. Civivox Mendillorri zentroan bi pase eskainiko dira; 12:00etan lehena eta 18:00etan bigarrena.

Urriaren 27an, berriz, Bertsolaritzaren Sekretuak: isilduriko emakumeen historia emanaldia aurkeztuko da, Kondestablearen Jauregiko Civivox patioan arratsaldeko 19:30ean. Jokin Labayen, Oskar Estanga, Hodei Unzueta eta Idoia Nobleren eskutik, emakume bertsolariek historian zehar egindako lanak eta bizitako egoerak narrazioz, bertsoz eta musikaz erakutsiko dizkigute.

Urriaren 29an lehenengo bertso-saioa eskainiko da. Ohikoa den gisara, Gurutzeko Plazako institutuko areto nagusian izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita. Oholtza gainean sei bertsolari: Julen Zelaieta, Julio Soto, Eneko Fernandez, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga. Aurkezle lanetan berriz, Fernando Anbustegi.

Azaroaren 3an bertsolari gazteen bertso-saioa izango da. Aurtengoan Kondestablearen Jauregiko Civivox patioan eginen da eta seikotea bertsolari nafarrek osatuko dute: Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Amaia Elizagoien, Ioar Tainta, Mikel Lasarte eta Alazne Untxalo ariko dira kantuan. Joseba Beltza izango da aurkezlea.

Azaroaren 5ean 2ZIO talde lapurtarraren rap emanaldia eskainiko da Zentral aretoan, arratsaldeko 19:30ean hasita. Taldea osatzen duten Odei Barroso, Gorka Rodriguez eta Jo Olascuagak Bideak izeneko bigarren diskoa aurkeztuko digute.

Azaroaren 12an azken bertso-saioarekin emango zaio amaiera Bertsoaroa zikloari. Gurutzeko Plazako institutuko areto nagusian arratsaldeko 20:00etan honako sei bertsolariak ariko dira kantuan: Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes “Itturri”, Amets Arzallus, Uxue Alberdi eta Jon Maia. Alaitz Rekondo izango da aurkezlea.

Emanaldi guztiak doakoak dira Iruñeko Udalaren haur programazioko Hor konpon Marianton emanaldia salbu (3€). Gurutzeko Plazako bertso-saioetarako, berriz, gonbidapenak banatuko dira, saioak hasi baino ordubete lehenago. 

Egitaraua hemen.

Azaroaren 12ra bitarte izango da zer egina Iruñean