Nafarroa

Azaroaren 9an abiatuko da 2017ko Bertsoaroa, zortzi emanaldirekin

2017/10/30
1991. urtean abiatutako elkarlanari eutsita, gaur aurkeztu dute Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko Bertsoaroa zikloa. Guztira, askotariko zortzi emanaldi jasoko ditu proposamenak. Nobedade gisara, Bertsolari Txapelketa Nagusiak Iruñean egingo duen azken finalaurrekoak itxiko du zikloa.

Iritsi da, ohi baino beranduago, 2017ko Bertsoaroa. Azaroaren 9an hasi eta abenduaren 2ra arte, zortzi emanaldi jasoko ditu Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako zikloak. 1991. urtean abiatu zen lankidetza hori, bertsolaritza Iruñean sustatu eta kalitatezko emanaldiak eskaini asmoz, eta elkarlan horri eustearen fruitu da gaur aurkeztutako Bertsoaroa berria ere. 

Ohi bezala, bertsogintza ardatz duten askotariko emanaldiak bilduko ditu aurtengo proposamenak ere; zortzi saio izango dira guztira. Aurreko urteetan bezalaxe, punta-puntako bi bertso jaialdi izango dira, eta baita bertsolari gazteei eskainitako saio bat ere. Gainera, literatura, musika eta bertsoa uztartuko dituen emanaldi berezi bat, haurrentzako emanaldi bat, dokumental baten proiekzioa eta kontzertu bat izango dira Bertsoaroan. Abenduaren 2an, gainera, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa. Saio horrek emango dio bukaera borobila aurtengo egitarauari. 

Bertsoaroak, bertsolaritza Iruñean zabaltzeaz gain, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei bultzada emateko xedea du, kalitatezko zikloa ikusgarritasunerako plaza gisara baliatuz. 

Honakoa da aurtengo Bertsoaroaren egitaraua: 

 

BERTSO-SAIOA

Azaroak 9, osteguna. 20:00

Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia

Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Eneko Lazkoz, Ander Fuentes ‘Itturri’, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita.

Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo

 

EMANALDI BEREZIA.  Kafkaren aulkia’

 Azaroak 14, asteartea. 19:00

Civivox Kondestablearen Jauregiko Patioa 

Bertsolariak: Andoni Egaña eta Uxue Alberdi

Musikaria: Pello Ramirez

Idazlea: Iñigo Astiz

 

BERTSO-SAIOA

Azaroak 16, osteguna. 19:00

Civivox Kondestablearen Jauregiko Patioa

 Bertsolariak: Aroa Arrizubieta, Joanes Ilarregi, Patxi Castillo, Eli Pagola, Maialen Akizu eta Josu Sanjurjo.

Gai-jartzailea: Fernando Anbustegi

 

HAUR BERTSOAROA. 'Itoitz. Urpeko ipuinak'

Azaroak 18, larunbata. 12:00 eta 18:00

Civivox Iturrama

Aktorea: Amaia Elizagoien

Musikaria: Olaia Intziarte

 

BIDEO EMANALDIA

Azaroak 21, asteartea. 19:00.  ‘Mundu bat ahoz aho’

Civivox Kondestablearen Jauregiko areto nagusian

Hizlaria: Beñat Gaztelumendi

 

BERTSO-SAIOA

Azaroak 23, osteguna. 20:00

Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia

 Bertsolariak: Amets Arzallus, Igor Elortza, Julio Soto, Alaia Martin, Xabi Maia eta Saioa Alkaiza.

Gai-jartzailea: Maider Ansa

 

KONTZERTUA. Bi bala’

Azaroak 28, asteartea. 20:00

Terminal taberna

 

 BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIKO AZKEN FINALAURREKOA

Abenduak 2, larunbata. 17:00

Anaitasuna kiroldegia