Azaroaren 5ean hasiko da 30. Bertsoaroa
Badator 2020ko Bertsoaroa. 1991an abiatu zen bideari urrats berri bat jarriko zaio aurki, 30.ena hain zuzen ere. Pandemiak pandemia, izan ere, zikloa antolatzeko apustuari heldu diote aurten ere Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, elkarlanean. Bertsolaritza hiriburuan sustatu eta bere aniztasunean erakusteko xedez, zazpi saio antolatu dituzte, azaroaren 5ean hasi eta azaroaren 26ra bitarte (egitarau osoa, hemen). Egungo osasun egoeraren ondorioz, aforoak mugatuta egingo dira saio guztiak, eta pandemiaren zabalpena saihesteko neurri guztiak bermatuko dira.
Ohiko gisan, bertso jaialdiek eta bestelako emanaldiek osatuko dute egitaraua. Azaroaren 5ean emango zaio hasiera 30.Bertsoaroari, eta hain zuzen, efemeridea gogoraraziko duen jaialdi berezi batek abiatuko du zikloa. Oholtza gainean izango dira 1991ko lehen Bertsoaroa hartan kantuan aritutako bi bertsolari, gaur egungo bi nafar bertsolari gazterekin batera, ordukoaz eta oraingoaz elkarrizketan. Gaiak jartzen, bestalde, lehen jaialdi hartan aritu zen Mikel Taberna eta azken urteetako Bertsoaroan hainbatetan ibilitako Alaitz Rekondo ariko dira. Lau eskutara diseinatu dute saioa.
Aforoak mugatuta egingo dira saioak, eta hori betetzeko hainbat prozedura zehaztu dira. Besteak beste, hainbat saiotarako gonbidapena hartu beharko da aurretik
Azaroaren 10ean, Koplariak koplari izeneko hitzaldi musikatua eskainiko dute Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek. Amurizak azken hamarkadetan bildu eta sortutako koplak hartuko ditu oinarri, entzulegoari koplek herri musikan izan duten eragina azaltzeko. Agus Barandiaranek (Korrontzi taldea) trikiarekin lagunduko du kontakizuna, eta biek kantuan entzuteko aukera ere izanen da.
Biharamunean, azaroaren 11an, gazteen bertso saioa izanen da. Bertsoaroan ohiko zita da gazteena, eta aurten ere, bertsolaritzaren belaunaldi berriak bultzatzeko apustuari eutsiko dio zikloak. Ildo horretan, Katakrak-en lehorreratuko da lehenengo aldiz Bertsoaroa, bertsolari zein entzule gazteei espazio atsegin eta gertukoa eskaini asmoz.
Bertso saio berezia izanen da ere Orainmenean. Bertsolaritzaren genealogia feministak izenekoa, azaroaren 17an eginen dena. Iazko Lanku Beka eskuratu zuen proiektuak, eta bertsolaritzaren historia berridazteko eta berrirakurtzeko asmoa du. Hain zuzen ere, emakume bertsolarien historia lehen lerrora ekarriko du emanaldiak.
Haur programazioak ere izango du bere tokia aurtengo Bertsoaroan. Azaroaren 21ean, hain zuzen ere, Bertso jasa, bat-bateko jolasa izeneko haurrentzako tailerra izango da Mendillorriko Civivoxean. Haurrak, jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta horiei erantzunez saioa eskainiko diete bi bertsolarik.
Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan emanaldiak dantza ekarriko du aurtengo Bertsoaroara, azaroaren 24an. Konpainiak bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu du, eta atzoko eta gaurko hainbat bertsolariren errimak baliatuz, ikuskizuna eskainiko dute bost dantzarik.
Azaroaren 26an emango zaio bukaera aurtengo Bertsoaroari, eta ohiko gisan, beste bertso jaialdi batek itxiko du zikloa.
Bertsolaritza, erantzukizunez
Pandemia egoeraren ondorioz indarrean dauden neurri guztiak bermatuta antolatuko da zikloa. Aforoak mugatuta egingo dira saioak, eta hori betetzeko hainbat prozedura zehaztu dira. Nafarroako Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldietarako gonbidapenak banatuko dira saioen egunean bertan, 17:30etik aurrera, eta bukatu arte (pertsonako bi gonbidapen hartu ahalko dira gehienez). Kondestablen egingo diren bi saioetan, ordu erdi lehenago irekiko dira ateak, aforoa bete arte. Azkenik, Katakrak-en egingo den saiorako, bai eta haurren tailerrerako, izena eman beharko da aurretik, nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita.
Saio guztietan pertsonen arteko distantzia bermatuko da, eta desinfekziorako neurriak hartuko dira. Maskararen erabilera, gianera, ezinbestekoa izango da.
Kartela handiago ikusteko, egin klik hemen.