Nafarroa

Azaroaren 5ean abiatuko da Bertsoaroa, eta zortzi emanaldi izango ditu

2019/10/23
Urteroko ohiturari jarraituz, bertsolaritza Iruñean sustatzeko xedez antolatu dute zikloa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Zortzi emanaldi izango dira guztira, kalitatez eta beste diziplinekiko harremanean bertsoa publiko ezberdinengana eramateko. 29.aldia izango du Bertsoaroak.

Iritsi da 2019ko Bertsoaroa. Azaroaren 5ean hasi eta 26ra arte, zortzi emanaldi eskainiko ditu Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten zikloak. 1991an abiatu zen lankidetza hori, eta horren fruitu da aurtengo eskaintza ere, 29.ena. Beste behin ere, bertsolaritza bere aniztasunean eta kalitate gorenean hurbilduko du zikloak Iruñera.

Ohi bezala, bertsogintza ardatz duten askotariko emanaldiak bilduko ditu aurtengo egitarauak ere, bertsoa publikoarengana molde ezberdinetan gerturatzeko asmoz. Oraingoan, gainera, bi estreinaldi jasoko ditu zikloak. Lehena, Gorria, Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Exebarrieta dantzariaren proiektua da, bertsolaritza eta flamenkoa lotzen dituena. 2018ko Lanku beka irabazi zuen proiektuak (orduan, Tan takatan izenarekin), eta Iruñekoa izango da publiko aurreko lehen emankizuna. Bigarren estreinaldia Urpekakariak haur antzerkiarena izango da. Lierni Hernandez eta Eneko Arrate aktoreek gorpuztuko dute Ane Labakak eta Miren Amurizak idatzitako istorioa.

Aurreko urteetan bezalaxe, punta-puntako bi bertso jaialdi ere izango dira (zikloa ireki eta ixteko), eta baita bertsolari gazteen saio bat ere. Gainera, Koldo Izagirrek Bertsoaren harria bere azken liburua aurkeztuko du, bi bertsolariek lagunduta. Eñaut Agirre eta Unai Agirre anaiek, gainera, bertso musikatu sorta bat ekarriko dute, Iruñera egokitutako Auskalo zeinek jarriak emanaldiarekin, musikariak lagunduta, eta haurrentzako bertso tailer bat ere izango da.

Aldaketa gisara, Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dira aurten bi jaialdi nagusiak

Aldaketa nagusia bertso jaialdien kokapenari dagokiena da: aurten, Gurutze Plazako Instituaren ordez Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dira bi bertso jaialdiak (San Agustin kalean). Bertako bi emanaldietarako gonbidapenak jaso beharko dira aretoan bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik, eta bukatu arte. Gonbidapenak beharko dira ere Kondestable Civivoxeko areto nagusiko bi emanaldietarako (hauek ere ordubete lehenagotik). Zikloko saio guztiak doakoak dira, salbu eta haurrentzako bi emanaldiak, 3 euroko sarrera izango dutenak.

Honakoa da 2019ko Bertsoaroaren egitaraua:

 

BERTSO JAIALDIA

Azaroak 5, asteartea, 19:30etan.

Nafarroako Antzerki Eskolan (Gonbidapenarekin)

Bertsolariak: Alazne Untxalo, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Julio Soto, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi. 

Gai-jartzailea: Ander Aranburu

 

'GORRIA', FLAMENKOA ETA BERTSOA

Azaroak 7, osteguna, 19:30etan.

Kondestable Civivoxeko patioan

Bertsolaria: Miren Amuriza

Dantzaria: Askoa Etxebarrieta

 

'BERTSOAREN HARRIA', HITZALDIA ETA BERTSOA

Azaroak 12, asteartea, 19:30etan.

Kondestable Civivoxeko areto nagusian (Gonbidapenarekin)

Hizlaria: Koldo Izagirre

Bertsolariak: Aimar Karrika eta Maddalen Arzallus

 

'BERTSO JASA', HAURRENTZAKO BERTSO TAILERRA

Azaroak 13, asteazkena, 17:30etan.

Arrotxapeako Jus La Rotxa Civivoxean (3 euro)

Bertsolariak: Haritz Mujika eta Saioa Alkaiza

 

'URPEKAKARIAK', HAURRENTZAKO BERTSO ANTZERKIA

Azaroak 16, larunbata, 18:00etan.

Sanduzelaiko Civivoxean (3 euro)

Aktoreak: Lierni Hernandez eta Eneko Arrate

Gidoilariak: Ane Labaka eta Miren Amuriza

 

'AUSKALO ZEINEK JARRIAK', BERTSO MUSIKATUAK

Azaroak 19, asteartea, 19:30ean.

Kondestable Civivoxeko areto nagusian (Gonbidapenarekin)

Bertsolariak: Eñaut Agirre eta Unai Agirre

Musikaria: Imanol Kamio

 

GAZTEEN BERTSO SAIOA

Azaroak 21, osteguna, 19:30ean.

Kondestable Civivoxeko patioan

Bertsolariak: Ekhiñe Zapiain, Haritz Mujika, Ibai Amillategi, Irati Alcantarilla, Maialen Akizu eta Xabat Illarregi

Gai-jartzailea: Ainhoa Aranburu

 

BERTSO JAIALDIA

Azaroak 26, asteartea, 19:30ean.

Nafarroako Antzerki Eskolan (Gonbidapenarekin)

Bertsolariak: Alaia Martin, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz, Iker Gorosterrazu, Maddi Ane Txoperena eta Sustrai Colina.

Gai-jartzailea: Maialen Belarra