Nafarroa

Alazne Untxalok irabazi du Xalto bertso sariketa

2015/11/21
Azaroaren 20an Goizuetako Umore Ona elkartean jokatutako finalean bertsolari iturendarra nagusitu zen, Saioa Alkaizarekin buruz burukoa jokatuta.

Xalto bertso sariketako hamahirugarren edizioak badu txapeldun berria, Alazne Untxalo. Bertso-afari formatuan, azkenean zazpi bertsolari aritu ziren kantuan; Saioa Alkaiza (Iruñea), Patxi Castillo (Bera), Iker Gorosterrazu (Ituren), Manex Mailharin (Berriozar), Alazne Untxalo (Ituren), Sarai Robles (Barañain) eta Egoitz Gorosterrazu (Ituren).  Amaia Elizagoienek ezin izan zuen saiora agertu.

Maider Ansa gai-jartzaileak gidatuta beraz, ofizioka zein bakarka hainbat lan egin zituzten bertsolariek eta azkenean Alazne Untxalok jantzi zuen txapela.

40 lagun bilduta, giro jator eta epelean gauzatu zen saioa. Gai sozial, politiko eta umoretsuak tratatu zituzten eta publikoak ederki aski erantzun zuen.   

Xalto

Bertsolari guztiek puntuen joskeran, azken kolpeetan edo eta ideietan beraien ekarpenak egin zituzten. Lehen fasean zazpi gazteak zortziko handian, zortziko txikian eta puntu-erantzunean aritu ziren. Puntuaziorik altuenak eskuratuta, Alazne Untxalo eta Saioa Alkaiza buruz-burukora pasa ziren eta kopletako saioa zein bakarkako ariketa eginda, azkenean Alaznek jantzi zuen Zuriñe Lujanbio Goizuetako zinegotziak jarritako txapela.

Bi urtetik behin egiten den Xalto bertso sariketa, Nafarroako bertsolari gazte zein hasiberriei zuzenduta dago. Jendaurrean kantatzeko aukera ematea du helburu, hain ezagunak ez diren bertsolari nafarren bertsogintza ezagutarazteko.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du Xalto sariketaren hamahirugarren edizioa, Goizuetako Udalaren babesarekin eta Umore Ona elkartearen laguntzarekin.