Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu dira Bertsokabi Sariketako lehen txapeldunak
Giro ederra jarri dute ehun entzule inguruk, Iruñeko Arrano Elkartean jokatu den BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren finalean. Hiru bikote eta sei bertsolari izan dira taula gainean, hirurak orain arte jokatutako hiru kanporaketetan sailkatuak: Joanes Illarregi eta Ekain Alegre, Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, eta Alazne Untxalo eta Iker Gorosterrazu; azken horrek, berez sailkatutako Irati Majuelo ordezkatu du finalean. Gai-jartzaile eta aurkezle zereginak, berriz, Ainhoa Larretxeak bete ditu. Publikoko bost pertsonek izan dute bertsolarien jarduna epaitzeko ardura. Lan puntuagarriak behin bukatuta, jakinarazi du aurkezleak publikoaren epaia, eta orduan izendatu dituzte Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu irabazle. Hala, aurten aurrenekoz antolatutako BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketak baditu bere lehen txapeldunak.
Bikoteka banatu dituzte saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dute Joanes Illarregik, Xabat Illarregik eta Egoitz Gorosterrazuk, erritmo ederrean, eta publiko artean irriak eraginez. Bertso proben tartean bikotekako lana jarri dute balioan: tabu jokoan,kostata baina txorimaloa hitza asmatu du Joanes Illarregik, Ekain Alegre kideak panpina, txoriak, uxatu eta baratzea hitzak erabili gabe pistak ematen zizkion bitartean. ‘Bat, bi, hiru’ jolasean, korrika oinarekin hasita puntuka aritu dira Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, pare bat minutuz, poto egin arte. ‘Nor da nor’ jokoan, publikoa zutitu, eta horko pertsona bat aukeratu du Egoitz Gorosterrazuk. Gero, galde-erantzunean, aukeratutako pertsona nor zen asmatu behar izan du Alazne Untxalo bikotekideak, jendea, baztertu ahala, esertzen zihoan heinean. Proben atalean lehertu dira barre algara handienak.
Proben ostean iritsi da bakarkako ariketa, Amaia Elizagoienek, Alazne Untxalok eta Ekain Alegrek bete dutena, eta horren ostean, saioari bukaera emateko, koplaka aritu dira hiru bikoteak, egoera emanda. Horren ostean jakinarazi du aurkezleak publikoko botoen emaitza, eta orduan jakin da Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu zirela txapeldunak.
Sariketa borobiltzeko saioa
Iruñerriko hiru taberna eta elkartetan egindako hiru kanporaketen ostean, gaurkoa izan da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketari bukaera emateko saioa. Aurten lehen aldiz antolatu du sariketa Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta arrakastaz jokatu da, aretoak betez eta giro ederrean.
Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.