Nafarroa

Aimar Karrikak finalerako txartela lortu du Elizondoko finalaurrekoan

2013/03/10
Elizondon jokatu zen atzo arratsaldean aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Txapelketako hainbat final ezagutu dituen Lur aretoak hartu zuen saioa, eta berriro ere bertsozaleek ederki erantzun zioten hitzorduari, 250 inguruk segitu zuten bertatik bertara saioa .

Finalerako sailkapena zen Elizondon jokoan zegoena, ez bakarrik taula gainean aritu zen seikotearentzat, baita entzuleen artean zeuden beste hainbat bertsolarirentzat ere. Presio hori hasieratik sentitu zuten protagonistek eta horren ondorioz ezin izan zuten haien onena eman, finalaurrekorik ahulena izan da.

Aimar Karrikak lortu zuen lehen postua, hortaz bertsolari auriztarrak lehen aldiz kantatuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Gainerako bost bertsolariek ez zuten hori lortu, Elizondotik bertsolari bakarra sailkatu baita Anaitasunako finalerako. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, Julen Zelaieta eta Migel Mari Elosegi “Luze”, gertu-gertuan izan zituen irabazleak.

Xabier Maiak laugarren egin zuen, etxekoen babes handia jaso zuen elizondoarrak. Haren atzetik, Oier Lakuntza eta Saioa Alkaiza sailkatu ziren.

Elizondoko saioaren ostean, erabakita gelditu da martxoaren 23an finala jokatuko den zortzikotea: Julio Soto, Xabier Silveira, Aimar Karrika, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez eta Oskar Estanga.

Finalerako sarrerak jadanik salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian.

Aimar Karrika Elizondoko finalaurrekoan garaile