Nafarroa

Abenduaren 28 eta 29an izango dira Nafarroako Bertso Negulekuak, Goizuetan eta Izaban. Izena emateko epea ireki da

2021/12/01
2020an pandemiaren ondorioz egitasmoa bertan behera utzi behar izan bagenuen ere, Nafarroako Bertso Eskoletako haur zein gazteek egonaldia egingo dute 2021eko abenduan, azken urteetako ohiturari eutsiz. Aurten, abenduaren 28tik 29ra izango da egonaldia, aldi bereko bi txandetan. Lehen Hezkuntzako ikasleak Goizuetara joango dira, eta DBHko ikasleak Izabara. Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitarau oparoa antolatu du haientzat. Izen-ematea internet bidez egingo da, eta epea abenduaren 1etik 17ra bitarte egonen da zabalik.

Iritsi da abendua, eta horiekin batera, Nafarroako Bertso Negulekuak ere bertan dira. Azken urteetako ohiturari eutsiz, herrialdeko Bertso Eskoletako gazteentzako egonaldia antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, abenduaren 28 eta 29rako. Aldi bereko bi txandatan izango dira negulekuak, ikasmailaren arabera bereiziak: LHko ikasleak Goizuetako Zubimuxu aterpetxean elkartuko dira. DBHko ikasleek, aldiz, Izabako Oxanea aterpetxean emango dute egonaldia. Nafarroako Bertso Eskoletako irakasleak ariko dira begirale. 

Hainbat helburu ditu egitasmoak. Bereziki, herrialdeko Bertso Eskoletan dabiltzan gazteen arteko harremanak bultzatu eta elkar ezagutzan sakontzea da xede nagusia. Horrekin batera, bertsolaritza eskolako logikatik atera eta aisialdiko eremura eramatea ere da Negulekuen helburuetako bat. Norabide horretan, bi txandetarako egitarau oparoa antolatu du elkarteak.

Izena emateko epea abenduaren 1eik 17ra egonen da zabalik, eta ondoko galdetegia bete beharko da horretarako. 

Goizuetako txanda (Lehen Hezkuntzako ikasleak)

 

Abenduak 28

  • 11:30ean, ongi etorria, ezagutza jolasak eta herria ezagutzeko itzulia. 
  • 14:00etan, bazkaria
  • 15:00etan, Goizuetako haurrek gidatutako ginkana. 
  • 16:30ean, Bertso Saioaren prestaketa. 
  • 18:00etan, Solasaldia eta Bertso Saioa, Sarai Robles eta Xabat Illarregi bertsolariekin. 
  • 21:00etan, Afaria
  • 21:30ean, Gaubela: bertso bingoa. 

 

Abenduak 29

  • 09:00etan, gosaria
  • 10:00etan, ikasleen bertso saioa. 
  • 11:30ean, itzulera

 

Izabako txanda (DBH-ko ikasleak)


Abenduak 28

  • 12:00etan, harrera eta gelen banaketa. 
  • 12:15ean, hamaiketakoa. 
  • 12:30ean, Belabarzeko ur jauzira txangoa (eguraldiaren arabera, bestela olinpiadak frontoian).
  • 14:30ean, atsedena/dutxa
  • 15.00etan, bazkaria. 
  • 17:00ak arte, denbora librea
  • 17.00etan, Gazteen bertso saioa / Debatea
  • 18:00etan, elkarrizketa- solasaldia prestatu
  • 19:00etan, solasaldia Ekhiñe Zapiain eta Julio Soto bertsolariekin.
  • 20:30ean, Afaria
  • 21:30etan, Bertso Saioa Ekhiñe Zapiain eta Julio Soto bertsolariekin.
  • 00:00etan, isiltasuna eta atsedena. 

 

Abenduak 29

  • 08:30ean, gosaria.
  • 09:30ean, "Izaba ezagutzen" ginkana.
  • 11:00etan, itzulera.

IZEN-EMATEA:

Izena emateko, ondoko galdetegia bete beharko dute ikasleek. 

Izen-emate epea: Abenduaren 1etik 17ra. 

2019ko Negulekuak. LH-ko taldea, Uitzin.