Nafarroa

Ostiralean abiatuko da Iruñean 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

2016/12/12
35 bertsolarik eman dute izena 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Final-laurdenetako fasea otsailaren 18an hasiko da eta txapelketa apirilaren 8an amaituko da. Hori baino lehen, ostiraleko kanporaketa saioak hasiera emango dio 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketari.

Bederatzi bertsolarik hartuko dute parte kanporaketan eta horietatik lauk lortuko dute final-laurdenetarako sailkatzea. Saioa abenduaren 16an, ostiralean, jokatuko da, Iruñeko Katakraken, 19:00etan hasita. Sarrera doakoa da.

Kanporaketan parte hartuko dutenak Nafarroako Txapelketan lehen aldiz izena eman duten bertsolariak dira. Gainerakoak zuzenean sailkatuta daude otsailean abiatuko diren final-laurdenetarako.

Sahats Aleman (Barañain), Ander Baiano (Barañain), Ainara Ieregi (Barañain), Mintxo Astiz (Barañain), Joanes Illarregi (Leitza), Saats Karasatorre (Etxarri-Aranatz), Aitor Irastortza (Azpirotz), Joana Ziganda (Oskotz) eta Luis Mari Larreta (Aldatz) dira kanporaketan parte hartuko duten bertsolariak.

Epaile lanetan, berriz, Nerea Bruño, Mikel Beaumont, Izaro Mitxelena eta Ekintza Landa arituko dira. Alaitz Rekondok aurkeztuko du saioa.

Honako lana da bertsolariek egin beharko dutena:

  • 8ko handian binaka gaia emanda hiruna bertso
  • 8ko txikian binaka ofizioka hiruna bertso
  • Lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian
  • Hitza emanda bertso bana

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren inguruko gainerako xehetasunak otsaila hasieran emango ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

 

9 bertsolarik hartuko dute parte kanporaketan.