Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2023ko Nafarroako Eskolartekoa
Iruñeko LABAn jokatu da 37. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolarik hartu dute parte txapelketan, ondorengoek: Beñat Mendiola Ruiz de Galarreta (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Garikoitz Agirre Soto (Zugarramurdi), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Loitzate Goñi Elortza (Bera) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea). Maialen Belarrak aurkeztu du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu dira epaile lanetan.
Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasa dira bigarren fasera: Eki Mateorena eta Kattin Madariaga. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioan aritu dira bi bertsolariak. Ostean, ganbarako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Kattin Madariagak bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Eki Mateorenak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Bertsolari arantzarrak Saioa Alkaiza Nafarroako Txapeldunaren eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, "Oinak buruan" saria. Kasu honetan, Manex Leonek irabazi du sari hori. Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman dio garaikurra.