Nafarroa

Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolartekoa

2025/04/11
Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.

Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoan jokatu da 39. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolarik hartu dute parte txapelketan, ondorengoek: Enaitz Zestau-Telletxea (Bera), Ibai Letona Garaikoetxea (Iruñea), Iradi Goñi Montiel (Sarriguren), Iraun Zestau-Telletxea (Bera), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza) eta Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza). Saats Karasatorrek aurkeztu du saioa, eta Amaia Telletxea, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltza aritu dira epaile lanetan. 

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, lau bertsolari pasa dira bigarren fasera: Enaitz Zestau-Telletxea, Iraun Zestau-Telletxea, Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioka aritu dira bertsolariak. Ostean, lau bertsolarietatik bi sailkatu dira buruz-burukora: Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, bertso bana kantatuta. 

Azkenean, Kattin Madariagak bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Joana Ziganda Olanoren eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, "Oinak buruan" saria. Kasu honetan, Kattalin Lizarragak irabazi du sari hori. Ipe Lizarraga Gartziandiak eman dio garaikurra. 

Eskolartekoko sei bertsolariak, Saats Karasatorre gai-jartzailea, eta Joana Ziganda eta Ipe Lizarraga sari-emaileak saioa bukatutakoan.