Nafarroa

Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2024ko Nafarroako Eskolartekoa

2024/04/26
Iruñean jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 38. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.

Iruñeko LABAn jokatu da 38. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolarik hartu dute parte txapelketan, ondorengoek: Amaia Fernández Tabernero (Iruñea), Antton Ciriza Saragüeta (Iruñea), Iraun Zestau-Telletxea (Bera), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea). Ander Aranburuk aurkeztu du saioa, eta Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Nerea Bruño aritu dira epaile lanetan. 

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, lau bertsolari pasa dira bigarren fasera: Antton Ciriza Saragüeta, Iraun Zestau-Telletxea, Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioka aritu dira bertsolariak. Ostean, lau bertsolarietatik bi sailkatu dira buruz-burukora: Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, bertso bana kantatuta. 

Azkenean, Kattin Madariagak bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Bertsolari arantzarrak Julio Soto Nafarroako Txapeldunaren eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, "Oinak buruan" saria. Kasu honetan, Antton Cirizak irabazi du sari hori. Xabier Terreros bertsolariak eman dio garaikurra. 

Eskolartekoko sei bertsolariak, gai-jartzailea eta Julio Soto saioa bukatutakoan.