60 gaztek parte hartu dute Nafarroako Bertso Eskolen Egunean
Kultur Etxean 10-15 urte bitarteko 60 gazte bilduta, bertso-eskola bakoitzaren agurrekin eman zitzaion hasiera eguneko ekitaldiari. Bertan izan ziren Lesaka, Bera, Igantzi, Etxalar, Iruñea, Barañain eta Sakanako kideak. Ondotik, Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako saridunen lanak entzun eta sari banaketa ekitaldia egin zen. Hauek izan dira 2015eko irabazleak eta aipamena jaso dutenak:
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4.mailan, irabazlea: Oihana Arruti (Lesaka) eta aipamenak: Ainhize Garro (Lesaka), Lore Atondo (Etxalar) eta Ziortza Goia (Bera).
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailan, irabazlea: Lide Igoa (Lesaka) eta aipamenak: Manex Ramos (Lesaka), Idoia Sabuki (Barañain), Nahia Milla (Iruñea) eta Lizar Sein (Igantzi).
Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2.mailan, irabazlea: Ekain Alegre (Altsasu) eta aipamenak: Ekhiñe Zapiain (Bera), Ainhoa Sabuki (Barañain) eta Irati Nuin Del Rio (Iruñea).
Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4.mailan, irabazlea: Idoia Granizo (Altsasu).
Bertsopaperen tartea bukatuta, inprobisatzeko aukera izan zuten gazteek. Gai orokorra, bukaerako puntua eta lau oinak emanda bat-batean aritu ziren, beti ere jolas gisa parte-hartzea bultzatuz. Arratsaldean berriz, taldeen arteko harremanak indartzeko, herrian barrena pista-jolasean aritu ziren ikasleak. Lesakako hainbat bertsolari identifikatu eta haien bertso bana kantatuz eman zitzaion amaiera aurtengo Nafarroako Bertso Eskolen Egunari.