Bertsoaroa: urtez urte, sustraiak indartzen
Ondo errotuta dagoena eta fruitua ematen duena, zertarako aldatu? Adibide horietako bat da Bertsoaroa. Iruñerrian sustraituta dagoen ekitaldiak 34. aldia du aurtengoa.
Otsailaren 4an eman zitzaion hasiera, abenturaz eta umorez jositako bertso-tramarekin. Aurtengo aldiaren nobedadeetako bat izan da bertso-trama, eta ikusleek eskertu dute berrikuntza. Kondestable Civivoseko patioan egin zen saioa, eta etxeko terrazan nola, hala sentitu ziren ikusleak: goxo eta gertuko. Aurtengo beste berrikuntzetako bat ‘Iruñeko Historia Bertsotan’ saioa izan zen. Hiriburuko historian eta istorioetan murgildu ziren ikusleak, Joseba Asironen kontakizunak eta Ainhoa Larretxeak jarritako gaien baitan Saioa Alkaizak eta Sustrai Colinak kantatutako bertsoak entzunda.
Horrez gain, ohikoagoak diren bertso jaialdiak eta tailerrak izan dira. Horiek ere «erantzun ona» izan dutela baloratu dute antolatzaileek, jende asko erakarri dutela eta «giro ederrean» ospatu direla.
Entzuleak urtero gora
Bertso saioak besteko bertso plazak izan dira aurtengoak. Ekintza bakoitzari neurriko soinekoa janzten ahalegindu da antolakuntza, saio bakoitza areto desberdin batean eginda. Honela, gainera, «bertsoa hiriko txoko desberdinetara eraman dugu»; eta, honenbestez, zabaldu.
Saio guztiek «erantzun polita» izan dutela azpimarratu dute: «ikusleen kopuruak gora egin du berriro». Bereziki bertso saio historikoan jarri dute azpimarra. Izan ere, antolatzen zen lehen aldia izanda, ez zekiten zer nolako harrera izango zuen. Asmatu zuten, ordea, 300 lagun inguru elkartu baitziren saioan. Honek, aurrera begira «formatu berriak esploratzen jarraitzeko gogoa piztu digu».
Bertsoaroak unean uneko bertsolaritza, kalitatez eta aniztasunez Iruñera ekartzeko helburua du, eta, antolatzaileen ustetan, aurten ere helburua bete da: «jendea bertsoa entzuteko gogoz dago eta formatu berriak eskertu ditu. Adin ezberdinetako bertsolari zein bertsozaleak gerturatu dira saioetara». Dena den, aroa mahai bueltan amaituko da, ostegunean, otsailak 27, bertso-afariarekin. 34. Bertsoaroaren postre ederra izango dela aurreikusten dute antolatzaileek, aurtengo ediziora ginga jarriko diona.
Ez da goiz, ordea, Bertsoaroa bertsozaleen egutegietan presente dagoela esateko. «Aro honek Iruñean duen garrantzia berretsi dugu, eta ondorioz, egitasmoa zaintzeko, elikatzeko eta berritzeko bideak bilatzeko grina sentitzen dugu».
Bertso afarirako sarrerak, salgai
Azken ekitaldia falta da, osteguneko bertso-afaria. Nerea Elustondo, Xabat Illarregi eta Eneko Lazkoz arituko dira Alaitz Rekondok jarritako gaien bueltan kantuan. Geltoki jatetxean izango da eta sarrerak oraindik salgai daude.