2025eko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa apirilaren 11n jokatuko da, Irurtzunen
Enaitz Zestau-Telletxea (Bera), Ibai Letona Garaikoetxea (Iruñea), Iradi Goñi Montiel (Iruñea), Iraun Zestau-Telletxea (Bera), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza) eta Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza) izanen dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 39.edizioan parte hartuko duten sei bertsolariak.
Saats Karasatorrek aurkeztuko du saioa, eta Amaia Telletxea, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltza izanen dira saioko epaileak.
Txapelketak bi fase izanen ditu:
Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana:
- Agurra
- Lau oinak emanda bertso bana osatu
- Bukaera emanda bertso bana osatu.
- Hitza gaitzat hartua bertso bana osatu.
- Gai orokorra emanda, gehienez 5 puntuko bertso bana osatu.
Hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren faseko lehengo ariketara, eta horietatik bi ganbarako lana egiteko. Honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana:
- Zortziko txikian, ofizioka, bina bertso.
- Ganbarako lana:
- Puntu bati erantzunez bertso bat.
- Gaia emanda bertso bat.
Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.
Saioa 18:30ean hasiko da Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoan eta sarrera doakoa izanen da.