Nafarroa

2024ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa apirilaren 26an jokatuko da, Iruñean

2024/04/19
14 eta 18 urte bitarteko sei bertsolari gaztek hartuko dute parte apirilaren 26an Iruñean jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 38. edizioan. LABAn izanen da saioa 18:00etik aurrera, eta sarrera doakoa izanen da.

Amaia Fernández Tabernero (Iruñea), Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Iraun Zestau-Telletxea (Bera), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea) izanen dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 38.edizioan parte hartuko duten sei bertsolariak. 

Ander Aranburuk aurkeztuko du saioa, eta Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont eta Nerea Bruño izanen dira saioko epaileak.

Txapelketak bi fase izanen ditu: 

Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: 

  • Agurra
  • Lau oinak emanda bertso bana osatu
  • Bukaera emanda bertso bana osatu. 
  • Hitza gaitzat hartua bertso bana osatu.
  • Gai orokorra emanda, gehienez 5 puntuko bertso bana osatu. 

 

Hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren faseko lehengo ariketara, eta horietatik bi ganbarako lana egiteko. Honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana:

  • Zortziko txikian, ofizioka, bina bertso. 
  • Ganbarako lana: 
    • Puntu bati erantzunez bertso bat. 
    • Gaia emanda bertso bat. 

 

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 18:00ean hasiko da Iruñeko LABAn eta sarrera doakoa izanen da. 

 

Sei bertsolari gaztek hartuko dute parte 2024ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.