“Bertsolaritza irakaskuntzan” programa manten eta finantza dezala eskatu dio Parlamentuak Nafarroako Gobernuari
Onartutako mozioak nabarmendu du “azken 27 urte hauetan Nafarroako Bertsozale Elkarteak egin duen lana, horren fruitu ona eman duena” eta bere kezka agertu du “ikasketa-eremutik bertsolaritzaren transmisioaren lana desagertzen ahal delako”.
Horregatik, Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio, “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa “manten dezala eta programaren egonkortasuna ahalbidetuko duen moduan finantza dezala”.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak oso positibo baloratzen du Nafarroako Parlamentuak “Bertsolaritza irakaskuntzan” programari eman dion babesa.
Beste behin ere Hezkuntza Departamenduari horren beharrezko eta eraginkorra den ekimena modu duin eta iraunkorrez finantzatu dezala eskatu nahi diogu eta azken hilabeteotan gurekiko itxi dituen interlokuzio bideak berriro ireki ditzala, egoera bere onera ekarri ahal izateko.
Era berean, azken asteotan ikastetxe, udal eta mankomunitate, elkarte, erakunde eta norbanakoengandik “Bertsolaritza irakaskuntzan” programarako jasotzen ari den etengabeko babesa ere eskertu nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.