Nafarroa

16 bertsolari gaztek hartuko dute parte X. Izeta Sariketan

2022/10/04
Urriaren 21ean jokatuko da sariketa Baztanen, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatuta. Arratsaldean kanporaketak jokatuko dira, bi herritan aldi berean, eta gauean, finala, afalosteko saio gisara.

16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte X. Mariano Izeta Bertso Sariketan. Urriaren 21ean, ostirala, jokatuko da, Baztango hainbat tokitan. Arratsaldean, aldibereko bi kanporaketa izango dira Erratzun eta Elizondon, zortzina bertsolarirekin. Horietatik sei sailkatuko dira gaueko finalerako. Afalosteko saio gisara jokatuko da finala, Elizondoko Kortarixar jatetxean. Finalerako sarrerak (afaria+saioa) www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, 16 eurotan. Hauek dira hitzorduak:


Kanporaketa. Elizondoko Intza tabernan, 18:30ean

Kanporaketa. Erratzuko Zubi-Punta tabernan, 18:30ean

Finala. Elizondoko Kortarixar jatetxean, 21:00etan.

  • Elizondoko 1.goa
  • Erratzuko 1.goa
  • Elizondoko 2.ena
  • Erratzuko 2.ena
  • Elizondoko 3.ena
  • Erratzuko 3.ena
  • Gai-jartzailea: Zigor Gartzia Arregi, “Zian”  

 

Hamargarrenez, Izeta gogoan
Ohiko gisan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa. Aurtengoa, hamargarrena izango da. Biharamunean, gainera, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa jokatuko da Elizondon bertan.

2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Saats Karasatorre eta Xabat Illarregi.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.
Izeta Sariketak Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.

Bi urtean behin jokatzen da Mariano Izeta Sariketa Baztanen, Nafarroako bertsolari gazteekin.