16 bertsolari gaztek hartuko dute parte IX. Izeta Sariketan
16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte IX. Mariano Izeta Bertso Sariketan. Heldu den igandean, abenduaren 27an, jokatuko da, Iruritako Gizarte Bilgunean. Egun osoko egitaraua antolatu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak: goizean bi kanporaketa izango dira, zortzina bertsolarirekin. Hortik sei sailkatuko dira arratsaldeko finalerako. Hauek dira hitzorduak:
Lehen kanporaketa. 11:00etan
- Patxi Castillo (Bera)
- Bittori Elizalde (Iruñea)
- Irati Majuelo (Iruñea)
- Aitor Irastortza (Azpirotz)
- Egoitz Gorosterrazu (Ituren)
- Ainara Ieregi (Barañain)
- Mikel Lasarte (Barañain)
- Beñat Astiz (Barañain)
Gai-jartzailea: Maialen Belarra
Bigarren kanporaketa. 12:45ean
- Sarai Robles (Barañain)
- Amaia Lasheras (Barañain)
- Endika Legarra (Iruñea)
- Etxahun Azkarraga (Etxalar)
- Xabat Illarregi (Leitza)
- Ekhiñe Zapiain (Bera)
- Idoia Granizo (Altsasu)
- Ekain Alegre (Altsasu)
Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea
Finala. 17:30ean
- Lehen kanporaketako irabazlea
- Bigarren kanporaketako irabazlea
- Puntuazioaren arabera 1.goa
- Puntuazioaren arabera 2.ena
- Puntuazioaren arabera 3.ena
- Puntuazioaren arabera 4.ena
Gai-jartzailea: Ander Aranburu
Pandemia egoeraren ondorioz, aforoa mugatua da, eta aldez aurretik banatuko dira sarrerak. Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi beharko dira, abenduaren 27ko 15:00ak arte (aurretik bukatzen ez badira). Egunean bertan, saldu gabeko sarrerarik geldituko balitz, 16:00etan irekiko litzateke txarteldegia.
Goizeko bi kanporaketetarako sarrera librea da, baina aforoa kontrolatzeko neurriak direla eta, derrigor erreserbatu beharko da tokia, aldez aurretik nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita, eta izen-abizenak eta kontakturako telefonoa utzita.
Bederatzigarrenez, Izeta gogoan
Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak erantzukizunez antolatu dute sariketa, beharrezko neurri guztiak bermatuta, baina aldi berean, kulturarekiko eta bertsolaritzarekiko apustuari eutsiz.
2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi eta Saats Karasatorre.
Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.
Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.
Izeta Sariketak, garai batean jokatzen zen Xalto Sariketa edo 2017an abiatutako Bertsokabi Sariketa bezalaxe, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.