140 gazte elkartu dira Nafarroako Bertso Eskolen Egunean
Pasa den igandean ospatu zen Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna, Ultzaman. Eguraldi txarrari aurre eginez, Nafarroa osoko 140 gazte elkartu ziren bertan, hain zuzen ere, Iruñerriko, Baztango, Bortzirietako, Larraungo, Leitzaldeko, Malerrekako eta Sakanako Bertso Eskoletako gazteak, 9 eta 16 urte bitartekoak. Haiekin izan ziren Bertso Eskolen sareko hamar bat irakasle ere.
Goizean Orgiko basoan elkartu ziren eskualde ezberdinetako gazteak, eta bertan egin zituzten elkar ezagutzeko jolasak. Hain zuzen ere, Nafarroako Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremanak sustatzea zen, urtero bezala, egunaren helburu nabarmenena. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoa eta Bertso Eskolak) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.
Orgiko basoa bisitatu ostean, Larraintzar herrira abiatu ziren gazteak. Hango eskolan izan zen, hain justu, Nafarroako Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa, bazkalostean. Guztira, 150 lan inguru aurkeztu dira aurten lehiaketara. Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako kategorian Kattin Madariaga (Arantza) izan zen sariduna, 6. mailan Beñat Sanz de Acedo (Iruñea), DBHko 1.eta 2. mailatan Amaiur Goñi (Bera) eta DBHko 3. eta 4. mailatan Beñat Astiz (Barañain). Sariak eman ondoren, bat-bateko saioa egin zuten bertsolari gazteek, eta horrekin eman zioten amaiera egunari.
Egun, 18 urtetik beherako 300 ikasletik gora aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 39 taldetan. Horretarako, dozena bat lagunez osatutako irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.