Nafarroa

12 bertsolari gaztek hartuko dute parte XI. Izeta Sariketan

2024/11/13
Azaroaren 23an jokatuko da sariketa Baztanen, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatuta. Arratsaldean kanporaketak jokatuko dira, bi herritan aldi berean, eta gauean, finala, afalosteko saio gisara.

16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte XI. Mariano Izeta Bertso Sariketan. Azaroaren 23an, larunbata, jokatuko da, Baztango hainbat tokitan. Arratsaldean, aldibereko bi kanporaketa izango dira Erratzun eta Elizondon, seina bertsolarirekin. Horietatik sei sailkatuko dira gaueko finalerako. Afalosteko saio gisara jokatuko da finala, Elizondoko Kortarixar jatetxean. Finalerako sarrerak (afaria+saioa) www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, 16 eurotan. Hauek dira hitzorduak:


Kanporaketa. Elizondoko Intza tabernan, 18:00etan

Kanporaketa. Erratzuko Zubi-Punta tabernan, 18:00etan

Finala. Elizondoko Kortarixar jatetxean, 21:00etan.

 

Hamaikagarrenez, Izeta gogoan
Ohiko gisan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa. Aurtengoa, hamaikagarrena izango da.

2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Saats KarasatorreXabat Illarregi eta Sarai Robles.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.
Izeta Sariketak Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.

Bi urtean behin jokatzen da Mariano Izeta Sariketa Baztanen, Nafarroako bertsolari gazteekin.