Mintzola Ahozko Lantegia
Mintzola Ahozko Lantegia: 2008-2021
Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketa eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea zuen helburu, gizartearen premia berriekin uztartuz eta, era berean, euren izaera indartuz. Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta, horietan landutako hausnarketak gogoan, euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraiki zituen Mintzolak, beste erakunde batzuekin elkarlanean.
Bere egitekoa hiru ildotan banatzen zen: Bertsolaritzaren Ikertegia, Ahozko Elkargunea eta Kulturartea. Xenpelar Dokumentazio Zentroak asebetetzen zituen ildo hauetako beharrizanak.
Mintzola Ahozko Lantegia fundazioa zen orduan: fundazioaren gobernu, administrazio eta ordezkaritza organo gorena zen patronatua, eta bere esku zeuden fundazioaren helburuari begirako zuzendaritza zein kudeaketa. Patronatuko kide ziren Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa eta Amasa-Villabonako Udala.
Garai honetan egindako lana webgune honetan ikusgai.
*2021ean Ahots Baten sormen egonaldia Bertsozale Elkartearen bidez antolatu zen, Euskaltzaindiarekin lankidetzan. Pandemiak egoera okertu eta bertan behera geratu zen, ordea.
Mintzola - hizkeraren lantegia: 2021etik aurrera
Mintzola Fundazioa 2021ean azkendu ondoren, Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegia izango da aurrerantzean Euskaltzaindiaren aterkiaren pean. Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren lan-eremua, lehentasunezko lan-ildoak eta jarduerak finkatu ditu, eta horiek guztiak landu nahi ditu, euskarazko ahozko jardunaren inguruan lan egiten duten eragileekiko lankidetzan.
Horretarako Bertsozale Elkartearen lankidetza ere izango du tartean.
Jarraitu oraingo Mintzolaren jarduera Euskaltzaindiaren webgunearen baitan.