Jon Mendiluze sailkatu da finalera

2022/03/21
Oñatiko Larrain Gain Elkartean jokatu zen, ostiralean, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako lehen kanporaketa

Martxan da Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa, Oñatin eman zuen lehen urratsa joan den ostiralean. Larrain Gain Elkartean jardun ziren kantuan Aratz Arzelus, Lide Arregi, Jakes Etxeberria, Uxue Ostolaza eta Jon Mendiluze. Gai-jartzaile lana, berriz, Saroi Jauregik egin zuen eta epaile lanetan Maite Sukia, Eneritz Azkue eta Mikel Lersundi aritu ziren.

Giro gozoan osatu zuten saioa, berriz ere bertso afari formatura itzultzeko aukera baliatuz eta saio ederra josi zuten gazteek. Lehen kanporaketa honetan, Jon Mendiluze gailendu zen eta finalean abesteko aukera izango du, gainerakoek, aldiz,  puntuaketen zain egon beharko dute.

Hurrengo kanporaketa apirilaren 1ean izango da Azpeitiko Zelai Luze Elkartean eta bertan Ane Zubia, Beñat Mateos, Naia Arrizabalaga, Xabier Albizu, Aratz Lasa eta Harri Agirresarobe jardungo dira Uxune Areizagaren gidaritzapean. Sarrerak eskuratu nahi dituenak ondorengo loturan izango du horretarako aukera, 12 euroren truke: www.bertsosarrerak.eus.

Hirugarren eta azken kanporaketa apirilaren 8an izango da, Lizartzako Txirrita Elkartean eta orduan erabakiko da apirilaren 29an Lasturren jokatuko den finalean zeintzuk kantatuko duten. Gozatu bidea eta helmuga!


Oñatiko saioko talde argazkia