Gipuzkoa Bertsotan
Sailkapen fase bat baino gehiago da Gipuzkoa Bertsotan. Gipuzkoan bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla da, besteak beste, bertso-eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan, lehiaketa eta sariketetan bizi dugun emankortasunaren erakuslea.
Hilabeteko epean, 24 saio izango dira Gipuzkoan barrena, 12 herritan. Antolaketan hamaika lagun, 9 gai-jartzaile, 19 epaile, 4 idazkari eta 74 bertsolari izango dira. Herri bakoitzean bi saio jokatuko dira egun berean, goizez eta arratsaldez. Bi itzulitako txapelketa da Gipuzkoa Bertsotan. Bertsolariek bitan kantatuko dute eta bi saioetako puntuen batuketak emango du bertsolari bakoitzaren osoko puntuazioa; horren arabera osatuko da sailkapena. Azken sailkapeneko lehenengo 30 bertsolarik lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatzea. Irailaren 20an abiatuko da Txapelketa eta bertan, dagoeneko sailkatuta dauden beste 13 bertsolari izango dituzte zain.
www.bertsozale.eus webgunean sailkapen fasearen informazio osoa eta eguneratua eskainiko da. Horrez gain, www.bertsoa.eus atariak Gipuzkoa Bertsotanen gaineko jarraipen berezia egingo du.
Sare sozialetan Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez segimendua egingo zaio Gipuzkoa Bertsotani: @GBertsozale Twitterren eta Gipuzkoako Bertsotzale Elkartea Gbe Facebook orrian. Twitterren #GBT15 traola erabiliko dugu.
Gipuzkoako Bertsozale Elkartea da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko antolatzailea eta saioak antolatzeko orduan Astigarraga, Oiartzun, Idiazabal, Antzuola, Zaldibia, Hernani, Bergara, Oñati, Zumaia, Usurbil, Zizurkil eta Ataungo Udalen laguntza izan du.