Gipuzkoa Bertsotan, sei saio jokatu dira asteburuan
Gipuzkoa Bertsotan, Txapelketarako sailkapen fasearen lehenengo bi saioak Astigarragan jokatu ziren larunbatean. Goizeko saioan 85 bertsozale elkartu ziren herriko Kultur Etxean. Zortziko saioa izan zen eta Unai Muñoak bildu zituen puntu gehien. 17:30ean abiatu zen eguneko bigarrena. 75 bertsozalek segitu zuten Xabier Sukiak irabazi zuen saioa.
Igandean, berriz, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko beste lau saio jokatu ziren, Oiartzunen eta Idiazabalen.
Oiartzunen, Udaletxeko areto nagusian jokatu ziren saioak. Goizeko saioan 40 entzule elkartu ziren. Azken orduko arazo bat tarteko, Joseba Agirrek ezin izan du Gipuzkoa Bertsotanen parte hartu eta Iñigo Ibañez azpeitiarrak ordezkatu zuen. Oihana Iguaranek eskuratu zuen puntuaziorik altuena, haren atzetik lehia bizia izan zen bigarren posturako. Arratsaldekoa 70 bertsozaleren aurrean jokatu zen. Mikel Artola alegiarrak irabazi zuen saioa, Manu Goiganaren aurretik.
Azkenik, Idiazabalek Gipuzkoa Bertsotaneko beste bi saio hartu zituen. Goizean, Guraso Elkartean giro ederra jarri zuten aretoa lepo bere zuten 100 bertsozaleek. Asier Azpiroz zubietarrak irabazi zuen bizia izan zen saioa. Arratsaldekoan ere bertsozale asko elkartu zen Idiazabalen, 80 entzule inguruk segitu zuten saioa bertatik bertara. Iñigo Gorostarzuk eskuratu zuen lehen postua.
Asteburuko saioen ostean, horrela gelditu da behin-behineko sailkapena.
Lehen itzuliaren amaiera
Gipuzkoa Bertsotanek segida izango du asteburu honetan, zortzi saio berrirekin. Antzuola, Zaldibia, Hernani eta Bergaran bina saio jokatuko dira, goizeko 11.30ean eta arratsaldeko 17:30ean. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faserako lehen itzulia amaituko da asteburuan eta bigarrena hasiko.