Gipuzkoa

Asteburuan zortzi saio jokatuta, bigarren itzuliari ekin dio Gipuzkoa Bertsotanek

2015/05/18
Larunbatean, Antzuolan eta Zaldibian eta igandean, Hernanin eta Bergaran; lau herritan izan da Gipuzkoa Bertsotan, Txapelketarako sailkapen fasea, 48 bertsolariren parte-hartzearekin. Aitor Urbieta, Maider Arregi, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Egoitz Eizagirre, Jon Maia, Ane Labaka, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa izan dira saioetako irabazleak. Lehen itzulia amaitu da eta Bergaran bigarren itzuliari ekin zioten bertsolariek. Hurrengo asteburuan atsedenaldia hartuko du Gipuzkoa Bertsotanek.

Zaldibia. Aitor Urbieta

Gipuzkoa Bertsotan, Txapelketarako sailkapen faseko lau saio jokatu ziren Zaldibian eta Antzuolan larunbatean. Zaldibian Herri Antzokian jokatu ziren eta goizeko saioa 40 bertsozalek segitu zuten bertatik bertara. Aitor Urbieta nagusitu zen, Endika Igartzabalen aurretik. Arratsaldean, 90 entzule inguru elkartu zen saioan eta horretan Maider Arregik bildu zituen puntu gehien.

Larunbatean bigarren hitzordua izan zuten bertsozaleek, Antzuolan. Goizean 60 inguru izan ziren saioa segitu zuten entzuleak eta arratsaldean, berriz, 100. Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" izan zen goizeko saioko irabazlea, Iñaki Gurrutxagaren aurretik. Arratsaldeko saioan, berriz, Egoitz Eizagirre izan zen garaile.

Antzuola Egoitz Eizagirre

Igandean, berriz, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko beste lau saio jokatu ziren, Hernanin eta Bergaran.

Hernanin jokatu ziren bi saioek amaiera eman zioten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseko lehen itzuliari. Goizean zein arratsaldean 85na entzule izan ziren Hernaniko Sandiusterri aretoan. Goizekoan Jon Maia izan zen garaile, Haritz Casabalen aurretik. Arratsaldean Ane Labaka lasartearra izan zen saioko irabazlea.

 Hernani Ane Labaka

Azkenik, Bergarako goizeko saioarekin hasi da sailkapen faseko bigarren itzulia. 50 bertsozale inguratu zen goizean Zabalotegi aretora. Ander Lizarraldek lortu zuen lehenengo postua, Gorka Azkarateren aurretik. Arratsaldeko saioan, berriz, 70 inguru izan ziren saioa bertatik bertara segitu zuten bertsozaleek. Astigarragan egin zuen moduan, Unai Muñoak irabazi zuen saioa.

Bergara Ander Lizarralde

 

Saiorik ez asteburuan

Gipuzkoa Bertsotanek atsedena hartuko du hurrengo asteburuan. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseak maiatzaren azken asteburuan izango du segida, beste zortzi saiorekin.

Sailkapen faseko behin-behineko sailkapena hemen kontsulta dezakezu.

Maider Arregi oñatiarrak irabazi zuen Zaldibian.