Asteburuan zortzi jokatu ostean, azken bi saioei begira jarri da Gipuzkoa Bertsotan
Gipuzkoa Bertsotan, Txapelketarako sailkapen faseko lau saio jokatu ziren Zumaian eta Oñatin larunbatean. Zumaiako goizeko saioan 65 bertsozale elkartu ziren Aita Mari aretoan. Nahikari Gabilondorentzat izan zen puntuaziorik altuena, Eli Pagola eta Maider Arregiren aurretik. Arratsaldeko saioan, berriz, 60 inguru izan ziren saioa bertatik bertara segitu duten bertsozaleak. Bertan, Haritz Casabalek lortu zituen puntu gehien.
Egun berean bigarren itzuliko beste bi saio jokatu zituzten Oñatin. Goizean 30 bertsozale inguratu zen Santa Ana aretora. Egoitz Eizagirre oriotarrarentzat izan zen lehen postua. Arratsaldekoan 50 bertsozale izan ziren saioa segitzen eta Gemma Urteaga beasaindarrak lortu zuen puntuaziorik altuen.
Igandean Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko beste lau saio jokatu ziren, Zizurkil eta Usurbilen.
Zizurkilen goizean 60 bertsozale inguratu zen herriko Atxulondo Kultur Etxera. Hernanin egin zuen moduan, Ane Labakak eskuratu du lehenengo postua. Arratsaldeko saioan lepo bete zen aretoa eta 95 bertsozaleren babesa izan dute sei parte-hartzaileek. Hemen ere, Hernanikoa errepikatu zen, han egin zuen moduan, Jon Maiak irabazi baitzuen saioa.
Azkenik, Usurbilen jokatu ziren igandeko beste bi saioak. Goizean 40 bertsozale hurbildu ziren Sutegi aretora. Ibai Esoain oriotarrak irabazi zuen saioa, Egoitz Aizpuru eta Ane Zuazubiskaren aurretik. Arratsaldeko saioan 80 inguru izan ziren saioa bertatik bertara segitu zuten bertsozaleak. Manex Mujikak bildu zituen puntu gehien eta berarentzat izan zen saioa.
Sailkapen fasearen amaiera
Gipuzkoa Bertsotanek segida izango du larunbatean, Ataunen jokatuko diren bi saioekin, goizean eta arratsaldean. Azken bi saioak izango dira eta horien ostean jakingo da irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatu diren 30 bertsolarien izenak.