Bertsolaritzaren Transmisioa
Bertsolaritzako agenteak
Hizkuntza gutxituak biziberritzeko xedez (transmisio lanean, beraz), hiztun komunitatearen barruan hiztun tipoak bereizi zituen J. M. Sánchez Carrión Txepetxek, bakoitzak betetzen duen funtzioa zein den argitzeko, eta sisteman nola eragin hobeto ulertzeko. Hala, komunitatearen bihotzean “hiztun osoak” kokatu zituen: hizkuntza egunerokoan erabiltzeaz gain kulturalki ere lantzen dutenak, hizkuntza garatuz eta espazio berrietara hedatuz.
Bertsolaritzara etorrita, mugimenduaren nukleoa, bihotza, bertsolariek osatzen dute, eta bertsolaritzan eragiten duten gainerako agente aktiboek (antolatzaileak, gai-jartzaileak, bertso irakasleak, kazetariak, ikertzaileak). Haiek dira bertsolaritzaren motorra, haiek elikatzen dute sistema, eta haietan dago mugimendua birsortzeko indarra.
Hiztun komunitatean bezalaxe, bertsolaritza mugimenduan ere agente guztiak dira beharrezkoak: bakoitzak bere funtzioa du, eta kontua ez da agente mota bataren ala bestearen aldeko hautua egitea. Alabaina, transmisioan egiten dugun lana ahalik eta eraginkorrena izan dadin, bertsolaritzan ere nahitaezkoa dugu agente bakoitzak betetzen duen lekuaz kontziente izatea, estrategiak ondo diseinatzeko. Parametro kuantitatiboez gain parametro kualitatiboak ere baliatzeaz ari gara. Bertsolariak eta agente aktiboak kopuruz gutxiago sortuko dira beti zaleak baino, baina kualitatiboki mugimenduari ematen diotenagatik, gutxiengo horretan ere inbertitu beharra dago.
Ekosistema bere osotasunean da, beraz, transmisioaren xede taldea: zalego multzo zabala eta agente aktiboen nukleoa. Horiek sortzeko, harrobia hiru eremutan lantzen da.
Harrobia lantzeko hiru eremuak
- Hezkuntza arautua: zaleen harrobi
Ikastetxeetan bertsolaritza klaseak emanez, betekizun hauxe du lan eremu honek: gizarte zabalak bertsolaritzaren berri izatea (oinarrizko ezagutza bat izatea) eta ahalik eta kopuru handiena zaletzea.
- Bertso eskolak: bertsolarien eta agente aktiboen harrobi
Zaleen artean, bertso munduan sartzeko irrika piztu zaienei erantzuten die lan eremu honek. Haurrak zein helduak izan daitezke bertso eskoletako partaide, eta bertsotan egiteko elkartzen dira. Transmisioaren zutabea bertso eskolak dira, bertso-eskoletatik irteten baitira bertsolariak eta agente aktiboak (antolatzaileak, gai-jartzaileak eta gainerakoak). Mugimenduaren nukleoa, indar birsortzailea duen giza taldea, bertso eskolek sortzen dute.
- Jarduera osagarriak: zaleen, bertsolarien, agente aktiboen indargarri
Bultzada emateko ekintzak dira: hezkuntza arautuan zein bertso eskoletan egiten den lanari bultzada ematen dioten jarduera puntualak. Bertso saio, asteburu pasa, lehiaketa, ikastaro berezi eta gisakoez ari gara. Jarduera osagarrien bidez bete daitezkeen funtzioak, besteak beste, hauexek dira:
- Hezkuntza arautuan zaletu diren haurrak bertso-eskolara joateko motibatzea.
- Bertso eskolan bat-batean ikasi dutenak jendaurrean kantatzen trebatzea.
- Harremanak sustatzea, bertso mugimenduari gehiago lotuz.
- Bertsogintzan sakontzeko motibazioan eragitea.