Gipuzkoako Eskolartekoa
Orain arte, Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, nork bere bidetik landu du bertsolaritza. Orain bi urte, baina, elkarrekin bide oparo bat egiteko elkartu ziren bi erakundeak. Lankidetza horren ondorio da, besteak beste, 2014ko Eskolarteko Txapelketa eta Bertso Eskolen Eguna elkarrekin antolatzea
Berrikuntza: filosofian eta formatuetan
Kanporaketa egun bakoitzean, hiru ekimen antolatuko dira herri berean.
-Idatzizko sariketa, ohi bezala egingo dena: ikastetxe batean herri ezberdinetako ikastetxeetako ikasleak elkartu, eta bertsoak jartzeko gaia emango zaie, eta denbora jakin bat. Lanak bertan aurkeztuko dituzte, eta lan hautatuak bat-bateko txapelketaren final egunean sarituko dira.
-Saio didaktikoa, lehen aldiz egingo dena. Idatzizko lanak egin dituzten ikasle horiek elkartuko dira hurbileko areto batean, eta eurentzat neurrikoa (erakargarria) izango den saio bat eskainiko dute inguruko bertso-eskoletako haurrek eta bi bertsolari ezagunek. Gai jartzaileak publikoa ere inplikatzeko ariketak jarriko dizkie.
-Bat-bateko txapelketaren kanporaketa. 15-18 urteko gazteek hartuko dute parte (15 urtez beherakoak ez dira bat-batekoan lehiatuko). Herriko elkarte batean bertso afari formatuan egingo dute bat-bateko kanporaketa saioa, arratseko 19:00etan hasita.