Saio bizi batekin abiatu da Eskolarteko berritua
Joan zen ostiralean, martxoak 7 jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren lehen kanporaketa. Zarautzen izan zen eta inguruetako bertsolari eta bertsozale ugari bildu zituen. Idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketa jokatu ziren kostako herri honetan. 14 urtetik 18 urte bitarteko gazteen artean, Amaia Urbieta zarauztarrak jaso zuen finalera zuzenean sailkatzeko txartela.
Formatu aldaketa
Gipuzkoako Eskolarteko txapelketaren 34. edizioa da honakoa, baina txapelketa eraberrituta dator aurten. Gogoeta luze baten ondoren, zenbait aldaketa egitea erabaki zen.
Eskolarteko txapelketak bi zati nagusi ditu, idatzizkoa eta bat-batekoa. Aurten, 200 ikasletik gora parte hartu dute lehen kanporaketan. Zarauzko Oteiza Lizeoan izan zuten ikasleek ordubeteko tartea (15:00tan hasita) ahalik eta bertsorik onenak idazteko.
Ondoren, saio didaktikoa izan zen Zarauzko Modelo aretoan. Aurreko edizioetan 14 urteko gaztetxoek taldeka parte hartzen zuten txapelketa formatuan, baina adin tarte honetan lehia ezabatzea erabaki da hilabeteetako gogoeten ondorioz. Iñigo Mantzisidor ‘Mantxi’ eta Andoni Egaña izan ziren bertsotan eta parte hartzaile gaztetxoak ere animatu ziren zenbait bertso kantatzera: Zarauzko 2 talde (Izar Aldalur, Beñat Chico, Iraia Aldai , Ganix Elorrieta eta Ekai Amuskibar; eta abar) eta Hernaniko taldea (Iker Ormazabal, Jonan Etxeberria, Urtzi Nazabal, Aimar Garaiar eta Etxahun Arrue) izan ziren kantuan. Peru Gabirondo zarauztarra izan zen aurkezle.
Bat-bateko saioa
Aurtengo beste nobedadea bat-bateko txapelketaren formatua izan da. Lehen idatziko sariketaren segidan egiten zen txapelketa jaialdi formatuan. Aurtengo edizioan, ordea, afari-merienda bat egin ostean jardun zuten bertsolariek lehian, mahai-inguruan. Amaia Urbieta (Zarautz), Danel Olano (Getaria), Unai Sarasua (Zumaia), Andoni Mujika (Urnieta), Jon Otegi (Oiartzun) eta Aitor Balerdi (Hernani) izan ziren parte hartzaileak eta ordena horretan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Iban Sukia, Martin Aramendi eta Iñigo Legorburu izan ziren epaile.
Leire Etxeberria getariarra izan zen aurkezle lanetan, txukun-txukun. 70 lagunen bueltan izan ziren saioa jarraitzen Urpekoak elkartean.