Patxi Iraola bertsolari zaldibiarra zendu da

2019/04/27
Hileta elizkizuna astelehenean izango da, 19:00etan, Zaldibiako Fede Santua (Santa Fe) elizan.

Patxi Iraola Garmendia bertsolariak (Zaldibia, 1933) bere sorterrian egin zuen lehen plaza 1965. urtean Jose Mari Aranburu lagun zuela. Jesus Eskisabel "Jainkoa" legorretarrak bultzatu omen zuen.

Hainbat sariketa eta txapelketatan parte hartu zuen, baina, batez ere, Goierri inguruan asko aritutako bertsolaria izan da. Bertsotan ez ezik, gai-jartzaile eta epaile gisa ere aritua.

1991. urtean, Bertsolari Egunaren baitan, omenaldia jaso zuen Florentino Goibururekin batera eta biei buruzko Kontu kontari argitalpena plazaratu zuten Bertsolari Elkarteak (egun Bertsozale Elkartea) eta Kutxak, beraien bizitzako pasarteak eta bertsoak kontatuz.

2009. urtean bere bizitzaren biografia, kontakizunak eta bertsoak biltzen dituen Naizen apurra izeneko liburua argitaratu zuen.

ETBren Herri People saioan elkarrizketatu zuen Ibon Gaztañazpi kazetariak 2016an, bertan bertsolari gisa egindako ibilbideari buruz aritu zen. Hemen duzue ikusgai.

Patxi Iraolaren aldeko hileta elizkizuna astelehenean, apirilaren 29an, izango da Zaldibiako Fede Santua (Santa Fe) elizan, 19:00etan. 

Bertsoa.eus atariak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin berreskuratutako bertsoaldia.

Argazkia: Bertsolari aldizkaria