Patri Urkizu hil da
Patri Urkizu ikerlari, idazle eta irakaslea hil da, 78 urterekin. Bere ikergaien artean, bertsolaritza eta euskal teatroa izan dira bi ikergai nagusiak, eta bilduma mardula ekoiztu du. Aurrez argitaratu gabeko bertso zaharrak argitaratu zituen, baita antzerki piezak ere.
Lezon jaio zen, ingurune euskaldun eta euskaltzale batean. Euskararekiko sentsibilitate horrek eraman zuen Euskal Filologian doktoretza eskuratzera, Koldo Mitxelena tesi zuzendari zuela. Euskararen munduratzea izan da bere lan nagusia, ikerketan zein hezkuntzan: irakasle aritu baitzen bigarren hezkuntzako institutuetan zein Bordeleko zein Madrileko unibertsitateetan.
Ikerkuntzatik eta irakaskuntzatik harago ere utzi du bere alea. Literaturari ekarpena egin zion, eta poesia eta narrazio obrak argitaratu zituen. Erakundeetara ere egin zuen salto: euskaltzain urgazle izendatua, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izan zen, eta Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Saila zuzendari. Lezoko alkate ere izan zen, 1979tik 1983ra, eta berak gidatzen zuen udal gobernua aitzindari izan zen administrazioa euskara hutsean izateko.