Gipuzkoa

Maiatzaren 9an abiatuko da Gipuzkoa Bertsotan, Txapelketarako sailkapen fasea

2015/04/29
74 bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoa Bertsotan saio sortan, irailaren 20an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea dena. Hilabeteko epean 24 saio jokatuko dira eta bertsolariek bina saiotan kantatuko dute. 30 bertsolarik lortuko dute Gipuzkoako Txapelketarako sailkatzea. Gipuzkoa Bertsotan maiatzaren 9an hasiko da Astigarragan eta ekainaren 6an amaituko da, Ataunen.

Irailaren 20an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta abenduaren 20an amaituko da, Donostian egingo den finalarekin. Hori baino lehenago hitzordu garrantzitsua dugu bertsozaleok, maiatzaren 9an martxan jarriko baita Gipuzkoa Bertsotan, txapelketarako sailkapen fasea.

74 bertsolarirekin abiatuko da Gipuzkoa Bertsotan. Horrez gain, 19 lagunek osatzen dute epaile taldea eta 9k gai-jartzailearena. Puntuaziorik altuen eskuratzen duten 30 bertsolariek lortuko dute udazkenerako sailkatzea. Dagoeneko, 13 bertsolari daude zuzenean sailkatuta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako. Horiei Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean sailkatzen direnak gehituko zaizkie.

Hilabeteko epean, maiatzaren 9tik ekainaren 6ra, 24 saio izango dira Gipuzkoan barrena, 12 herritan. Izan ere, herri bakoitzak bi saio hartuko ditu. Bi itzulitako txapelketa da Gipuzkoa Bertsotan. Bertsolariek bitan kantatuko dute, batean goizez, bestean arratsaldez. Bi saioetako puntuen batuketak emango du bertsolari bakoitzaren osoko puntuazioa eta horren arabera osatuko da sailkapena.

Saioetako sarrerak egun berean salduko dira aretoan. Leihatila 10:00etan eta 16:00etan zabalduko da. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek prezio berezia izango dute sarreretan, 4 euro saioko. Halaber, eguneko bi saioak prezio berezian ikusteko aukera izango dute, 6 euroan eguneko bi saioak. Gainerakoentzako, saioko sarrera 6 eurokoa da eta eguneko bi saioaka ikusteko, 9 euro.

Webgune honek sailkapen fasearen informazio osoa eta eguneratua eskainiko du. Horrez gain, sare sozialetan Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez segimendua egingo zaio Gipuzkoa Bertsotani Twitterren (#GBT15 traola erabiliko da) eta Facebooken.

 

 

GIPUZKOA BERTSOTAN. EGUTEGIA

 (Egutegi osoa, bertsolari, areto eta ordutegiekin hemen aurkituko duzu)

Herri bakoitzean bi saio jokatuko dira egun berean

Goizeko saioa: 11.30ean

Arratsaldeko saioa: 17:30ean

 

Lehenengo  itzulia

 

Maiatzaren 9an                      Astigarraga

Maiatzaren 10ean                  Oiartzun

Maiatzaren 10ean                  Idiazabal

Maiatzaren 16an                    Antzuola

Maiatzaren 16an                    Zaldibia

Maiatzaren 17an                    Hernani

 

Bigarren itzulia

Maiatzaren 17an                    Bergara

Maiatzaren 30ean                  Oñati

Maiatzaren 30ean                Zumaia                                                               

Maiatzaren 31n                      Usurbil

Maiatzaren 31n                      Zizurkil

Ekainaren 6an                       Ataun

Maiatzaren 9tik ekainaren 6ra jokatuko da Gipuzkoa Bertsotan.