Lasartera ere iritsi da Eskolartekoa

2014/03/15
Atzo ospatu ziren saio didaktikoa, eta idatzizko eta bat-bateko sariketak • Lasarte-Oriako elkartean jokatu zen bat-bateko saioan Iraitz Mateo izan zen garaile • Zuzenean sailkatu da finalerako, gainontzekoek hurrengo saioen zain egon beharko dute.

Atzo jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa.

Lasarte-Orian izan zen eta inguruetako bertsolari eta bertsozale ugari bildu zituen. Idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketa jokatu ziren. 14 urtetik 18 urte bitarteko gazteen artean, Iraitz Mateo oiartzuarrak jaso zuen finalera zuzenean sailkatzeko txartela.

Formatu aldaketa

Gipuzkoako Eskolarteko txapelketaren 34. edizioa da honakoa, baina txapelketa eraberrituta dator aurten. Gogoeta luze baten ondoren, zenbait aldaketa egitea erabaki zen.

Eskolarteko txapelketak bi zati nagusi ditu, idatzizkoa eta bat-batekoa. Aurten, 200 ikasletik gora parte hartu dute lehen kanporaketan. Manuel Lekuona Kultur Etxean izan zuten ikasleek ordubeteko tartea (15:00tan hasita) ahalik eta bertsorik onenak idazteko.

Ondoren, saio didaktikoa izan zen leku berean. Aurreko edizioetan 14 urteko gaztetxoek taldeka parte hartzen zuten txapelketa formatuan, baina adin tarte honetan lehia ezabatzea erabaki da hilabeteetako gogoeten ondorioz. Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi izan ziren bertsotan eta parte hartzaile gaztetxoak ere animatu ziren zenbait bertso kantatzera:

Beasain eta Oiartzungo bina talde. Amaia Agirre villabonarra izan zen aurkezle.

Bat-bateko saioa

Aurtengo beste nobedadea bat-bateko txapelketaren formatua izan da. Lehen idatziko sariketaren segidan egiten zen txapelketa jaialdi formatuan. Aurtengo edizioan, ordea, afari-merienda bat egin ostean jardun zuten bertsolariek lehian, mahai-inguruan. Maddi Etxeberria (Larraul), Jokin Irastorza (Oiartzun), Iraitz Mateo (Oiartzun), Iraitz Sarasola (Ordizia), Gartxot Ramirez (Zaldibia), Ander Garayar (Zarautz) eta Ixak Sarasua (Aretxabaleta) izan ziren parte hartzaileak. Iban Sukia, Martin Aramendi eta Aitzol Astigarraga izan ziren epaile.

Amaia Agirre villabonarra izan zen aurkezle lanetan. 60 lagun inguru izan ziren saioa jarraitzen Arrieskalleta elkartean.