June Aiestaran txapeldun Gipuzkoako Eskolartekoan
Lasturren jokatu zen atzo aurtengo Eskolarteko Txapelketako finala, eta saio ederraz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren 90 lagunek. Kantuan June Aiestaran, Izar Zelarain, Amets Aizpurua, Jon Mendiluze, Beñat Zeberio eta Danel Etxeberria aritu ziren Ane Ezenarro gai jartzailearen esanetara. Maite Sukia, Oihana Aranguren eta Bakarne Urreaga epaileek hala erabakita, June Aiestaran izan zen txapelduna, bigarren sailkatua, berriz, Danel Etxeberria. Bi hauek izango dute, beraz, Euskal Herriko Eskolartekoan kantatzeko aukera.
Txapeldunari txapela Unai Mendizabalek jantzi zion Harituz Bertsozale Elkargunearen izenean. Izan ere, aurten 10.urteurrena bete du Tolosaldeko bertso mugimenduaren eragile den Harituzek, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aitortza txiki bat egin nahi izan dio urte hauetan guztietan egin duen lanari.