Gipuzkoa

Giro ederra Zumarragan Eskolartekoaren Txapelketako bat-bateko lehenengo saioan

2015/03/02
Zumarragan egin zen ostiralean Gipuzkoako Eskolartekoaren bigarren saioa. Idatzizko sariketaz eta saio didaktikoaz gain, bat-batekoaren lehen saioa ere jokatu zen. Elkartea beteta zela, Oier Etxeberria eta Ane Zuazubiskarrek lortu zuten finalerako txartela.

Giro bikaina izan zen joan den ostiralean Zumarragako Amalur elkartean, Gipuzkoako Eskolartekoaren bat-bateko txapelketaren lehenengo saioan. Jende gehiagorentzako lekurik gabe, entzuleek saio txukuna eta bizia entzun ahal izan zuten. Afari-meriendaren ostean, kantuan aritu ziren zazpi bertsolariek gogoan hartzeko moduko aleren bat utzi zuten. Asier Iriondo izan zen saioko aurkezlea.

Azkenean, Oier Etxeberria azpeitiarra eta Ane Zuazubiskar arrasatearra izan ziren lehen bi sailkatuak. Bi bertsolari horiek zuzenean sailkatu dira apirilaren 26an Irunen jokatuko den finalerako.

Bat-bateko saioarekin batera Eskolartekoaren barruko beste bi ekimen egin ziren ostiralean Zumarraga-Urretxun, idatzizko sariketa eta ondorengo saio didaktikoa, Aretxabaleta eta Eskoriatzako Lekaixoko bertso-eskolaren eskutik.

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak segida izango du ostiralean, Hernanin eta Lasarten egingo diren saioekin.Eskolartekoaren egitarau osoa hemen kontsultatu daiteke.

Ostiraleko saioko bertsolariak eta aurkezlea.