Gipuzkoa

Gipuzkoako Eskolartekoaren hirugarren saioa, ostiralean Zarautzen

2015/03/12
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako bat-bateko hirugarren saioa jokatuko da ostiralean Zarautzen. Zazpi bertsolari izango dira herriko Urpekoak elkartean, bertso-afari giroan. Horrekin batera, idatzizko lehiaketa eta saio didaktikoa ere izango dira egun berean.
Zarautzen jokatuko da ostiralean Gipuzkoako Eskolartekoaren bat-bateko hirugarren saioa. 19:00etan afari-merendua egingo dute herriko Urpekoak elkartean eta horren ostean ekingo diote saioari.

Naroa Agirre (Urnieta), Iñigo Ibañez (Azpeitia), Danel Olano (Getaria), Beñat Mujika (Donostia), Iker Ormazabal (Hernani), Aitor Balerdi (Hernani) eta Gartxot Ramirez (Ordizia) izango dira kantatuko duten zazpi bertsolariak. Aurkezlea, berriz, Irati Agirreazaldegi izango da. Merendu-afarirako txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Horrekin batera, egun berean idatzizko sariketaren saio berri bat egingo da, Biterin. Horren ondoren, saio didaktikoa egingo dute.

Eskolartekoak segida izango du Elgoibarren (martxoak 18) eta Azkoitian (martxoak 26). Finala, berriz, apirilaren 26an egingo da Irunen, Gipuzkoako Bertso-Eskolen Egunarekin batera. Egun horretarako txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Eskolartekoaren egitaraua osoa hemen kontsultatu dezakezue.