Gipuzkoa

Gipuzkoako Eskolartekoaren azken kanporaketa, ostegunean Azkoitian

2015/03/24
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako laugarren eta azken kanporaketa jokatuko da ostegunean Azkoitian. Zazpi bertsolari izango dira bertsotan herriko Iraurgi elkartean. Saio horren ostean, Irunen jokatuko den Eskolarteko Txapelketako finala osatuta geldituko da.
Ostegunean jokatuko da Azkoitian Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako bat-batekoaren azken saioa. 19:00etan afari-merendua egingo dute herriko Iraurgi elkartean eta horren ostean ekingo diote saioari.

Iraitz Sarasola (Ordizia), Ane Peñagarikano (Zarautz), Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Marixe Ruiz (Arrasate), Jone Makazaga (Zarautz), Ander Garaiar (Zarautz) eta Paul Iruretagoiena (Ataun) izango dira bertan arituko diren zazpi bertsolariak. Aurkezlea, Iban Narbaiza eta Peru Gabirondo izango dira. Merendu-afarirako txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Saio horren ostean jakingo da Aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finalean kantatuko duten bertsolariak. Finala apirilaren 26an egingo da Irunen, Gipuzkoako Bertso-Eskolen Egunarekin batera. Bertso Eskolen Egunerako txartelak  jada salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean, martxoaren 31 arte.