Gipuzkoako Eskolartekoa Mutrikun
Mutrikun apirilaren 4an jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketa.
Mutrikun izan zen eta inguruetako bertsolari eta bertsozale ugari bildu zituen. Idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketa jokatu ziren. 14 urtetik 18 urte bitarteko gazteen artean, Jon Gurrutxaga azpeitiarrak jaso zuen finalera zuzenean sailkatzeko txartela.
Formatu aldaketa
Gipuzkoako Eskolarteko txapelketaren 34. edizioa da honakoa, baina txapelketa eraberrituta dator aurten. Gogoeta luze baten ondoren, zenbait aldaketa egitea erabaki zen.
Arratsaldeko ekitaldia, lehenbizi idatzizkoaren txanda izan zen, Elgoibarko ikastolan. Eskoriatzako Almen ikastola, Elgoibarko ikastola eta Atxabalko Kurtzeberriko 177 haurrek hartu zuten parte.
Ondoren, saio didaktikoarekin jarraitu zuten. Elgoibarko Ikastolako Erdiko aretoan, Itziarko eta Elgoibarko gaztetxoek hartu zuten parte. Ondoren, Amaia Agirre eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek, Irati Agirreazaldegi gaijartzaileak jarritako ariketak egin zituzten. Aretoa bete zuten gaztetxoek asko gozatu zuten bertsolarien jardunarekin.
Bat-bateko saioa
Aurtengo beste nobedadea bat-bateko txapelketaren formatua izan da. Lehen idatziko sariketaren segidan egiten zen txapelketa jaialdi formatuan. Aurtengo edizioan, ordea, afari-merienda bat egin ostean jardun zuten bertsolariek lehian, mahai-inguruan. Ondorengoak dira Mutrikun abestu zuten bertsolari gazteen zerrenda: Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Josune Arakistain (Itziar), Ekaitz Zubimendi (Deba), Ane Zuazubiskar (Arrasate), Jon Mujika (Villabona) eta Urko Arregi (Oñati). Gaijartzaile lanetan Eneritz Artetxe aritu zen. Eneritz Azkue, Mikel Lersundi eta Aitzol Astigarraga aritu ziren epaile lanetan.