Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna eta Eskolarteko finala, igandean Irunen
Gipuzkoako Eskolarteko finala zein Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna izango dira igandean Irunen. Egunean zehar egingo diren ekitaldietan herrialdeko txoko guztietatik heldutako bertso eskoletako kideek hartuko dute. Horrez gain, Eskolarteko bat-batekoaren finala jokatuko da eta idatzizkoaren sarien banaketa egin.
Goizean, 10:30ak aldera elkartuko dira Irungo Urdanibia plazan. Jolasetarako tartea izango dute eguerdira bitartean: bitxigintza, herri kirolak edota bertso ipuinak, besteak beste.
Bazkalostean, berriz, Eskolarteko XXXV. finala jokatuko da herriko Amaia Antzokian, 15.30ean hasita. Bat-bateko txapelketan 27 bertsolarik hartu dute parte, lau bertso afaritan: Zumarragan, Lasarte-Orian, Zarautzen eta Azkoitian. Horien ostean, ondorengoak dira finalean abestuko duten bertsolariak:
-Andoni Mujika (Hernani)
-Ane Zuazubiskar (Arrasate)
-Asier Ibarguren (Donostia)
-Beñat Mujika (Donostia)
-Iñigo Ibañez (Azpeitia)
-Jon Ander Iriondo (Azpeitia)
-Oier Etxeberria (Azpeitia)
-Paul Iruretagoiena (Ataun)
Arratsaldeko ekitaldian Eskolarteko idatzizko txapelketako sariak ere banatuko dira. Idatzizko lehiaketan ehunka haurrek parte hartu dute. Otsailean eta martxoan izan ziren idatzizkoaren bost saioak: Ataunen, Zumarragan, Hernanin, Zarautzen eta Azkoitian.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Irungo udalaren laguntza izan du Bertso Eskolen Eguna eta Eskolarteko finala antolatzeko.