Gelatik Plazara egingo dute jauzi Gipuzkoako bertso eskoletan
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean Gelatik Plazara ekimena antolatu du. Gelatik Plazara 14 urtez azpiko ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera eskainiko dien aisialdiko ekimen bat izango da. Bertsoarekin gozatzeko gune bat izango dute bertso eskoletako gaztetxoek eta Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik plazarako zubi lana egiten laguntzea da asmoa. Bestalde, tokian tokiko bertso eskolak saio berean elkartuta ikasleek elkar ezagutzeko aukera ederra izango dute.
Guztira 3-4 lagunez osatutako taldeetan 170 ikaslek hartuko dute parte antolatu diren zazpi saioetan. Hauxe izango da saioen egutegia:
- Martxoaren 3an, Zumaian.
- Martxoaren 10ean, Oñatin.
- Martxoaren 24an, Elgoibarren.
- Martxoaren 31n, Azkoitian, Lasarten, Ordizian eta Amezketan.
Talde bakoitzak ondorengo lanak egin beharko ditu:
- Prestatutako agurra.
- Puntua erantzun koplan (oina emanda edo oinik eman gabe).
- Gaia eta bi edo lau oin emanda kopla edo bertsoa osatu.
- Bertsolari bati erantzuten, gaia emanda, kopletan.
Saioaren bukaeran talde guztiek jasoko dute sariren bat, eta saioak aurkezteaz zein gaztetxoen lana epaitzeaz bertso eskoletako irakasleak arduratuko dira.