Gipuzkoako Eskolarteko finala eta Bertso Eskolen Eguna maiatzaren 25ean Arrasaten
Arrasaten ospatuko da, maiatzaren 25ean, Gipuzkoako Eskolarteko finala eta Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna. Urtero bezala, Gipuzkoako gaztetxo bertsozaleen harremanak sortu eta indartu nahi dira, bertsoa eta jolasa uztartuz.
Goizean, 11:00etan Arrasateko Amaia Antzokian, Eskolarteko bat bateko txapelketako finala izango da. Gipuzkoako bost herritan izan diren kanporaketetan, ondorengo zortzi bertsolariek lortu dute finalerako txartela:
- Eneko Araiztegi (Segura)
- Maider Arregi (Oñati)
- Jon Gurrutxaga (Azpeiti)
- Iñigo Ibañez (Azpeiti)
- Aratz Igartzabal (Gabiria)
- Paul Iruretagoiena (Ataun)
- Iraitz Mateo (Oiartzun)
- Amaia Urbieta (Zarautz)
Finalerako gaiak prestatzeko ardura, Egoitz Aizpuru eta Inaxio Usarraldek lagunduta, ondorengo bertso eskoletako kideek izan dute: Maddi Alberdi (Eibar), Maier Fernandez (Eibar), Nahia Fernandez (Eibar), Peru Gabirondo (Zarautz), Aizpea Garmendia (Lazkao), Amaia Palazuelos (Eibar), Iñaki Rezusta (Ormaiztegi).
Finalaren ostean, bakoitzak bere etxetik ekarritakoa bazkaltzeko parada izango da. Arratsaldean, berriz, Txatxilipurdi Elkarteak antolatuta jolasetan gozatzeko aukera izango da.
Maiatzaren 25ean Bertso Eskolen Egunera joateko txartela hartu nahi dutenek www.bertsosarreak.eu atarian dituzte salgai. Urtero bezala, Bertso Eskolen Egunera joan ahal izateko autobusak antolatu ditugu eta egunerako bertarako kamixetak prestatu dira.