Gipuzkoa

Egiar Otegik jantzi du Gipuzkoako Eskolarteko txapela

2025/04/07
Azpeitiako Elikagunean jokatu da finala, 170 pertsonaren aurrean. Suhar Gesalaga izan da txapeldunorde, eta berak ere eskuratu du Euskal Herriko Eskolarteko Finalerako txartela

Lehen bi hauekin batera, Adei Urbitarte, Danel Etxeberria, Joanes Azpillaga, Kattalin Arabolaza, Maddi Lasa eta Sustrai Goenaga aritu ziren kantuan ostiral iluntzean. Giro bikaina izan zen bertsotarako,170 lagunetik gora izan ziren afaltzen eta ondoren saioa ikustera joan zirenekin 200 laguneko plaza bete zen Azpeitiako Elikagunean.  Saio ona osatu zuten zortzi bertsolariek, erritmo bizian eta elkarri entzun eta erantzunez. Bat-bateko txapelketak Euskal Herrikoan izango du segida txapeldunarentzat eta txapeldun ordearentzat. Ekainaren 14an izango da zita, Arantzan.

Bat-bateko txapelketaz gain, idatzizkoa ere martxan izan da martxoan zehar. Azpeitian bertan egin zen haren sari banaketa ere, saritutako bertsoak kantatuta. Unax Zaldua eta Bihotz Basterretxea izan dira aurtengo saridunak.

Finalistek zein 14 urtez gorako bertso-eskoletako kideek Lasturren asteburu pasa geratzeko aukera izan zuten saioaren ostean. 15 gaztek eman zuten izena, eta, besteak beste, Endoiara txangoa eta "Auskalo zeinek jarriak" bertso afari musikatua izan zituzten egitarauan.