Bertsozale gazte gipuzkoarren festa
2014ko maiatzaren 25ean, Arrasaten, ospatu da Bertso Eskolen Eguna eta 250 haur izan dira parte hartzen. Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapelketaren finala jokatu zen goizean eta arratsaldean jolasak prest zeuzkaten, bertsozale gaztetxoenen gozagarri.
Historikoa izan da igandeko zita, izan ere, aro berri baten hasiera markatuko baitu. Urtero antolatzen ziren Bertso Eskolen Eguna eta Eskolarteko Txapelketa , bakoitza bere aldetik. Aurten, ordea, lehenengoz egun berean ospatuko dira. Hilabete luzetako gogoeten ondoren Eskolarteko txapelketari astinaldi bat ematea erabaki zen eta, parte hartzaileekin adostuta, proposamen eraldatua aurkeztu da aurten. 14 urtetik beherakoen lehiari uko egin zaio eta horren partez saio didaktikoak antolatu dira kanporaketatan. 14 urtetik 18 urtera bitartekoek txapelketa jokatzen jarraitzen dute. Bertso kopurua handitu da eta kanporaketen formatua modu informalago batean garatzen da orain.
Bertso eskolen eguna
Goizeko 10:00etan iritsi ziren autobusak eta kamiseten banaketarekin morez tindatu ziren Arrasateko kaleak. “Oinak buruan” leloa irakur zitekeen kamisetatan eta baita oholtza gainean ere.
Ondoren, Eskolarteko txapelketaren finala jokatu zen, bat-batekoa eta idatzikoaren sari banaketa.
Bazkalostean, Arrasateko gaztetxean Zirku tailerraz gozatu zuten haurrek eta 17:00ak alderako etxerako bidea hartu zuten berriz autobusean.
Eskolartekoaren finala
11:00tan hasi zen txapelketako saioa eta kanporaketatik sailkatutako zortzi bertsolariak aurkeztu zituen Amaia Agirre Gipuzkoako Bertsozale elkarteko irakasle eta bertsolariak-.
- Iñigo Ibañez Aramendi
- Amaia Urbieta Arruti
- Iraitz Mateo Mugerza
- Eneko Araiztegi Agirre
- Maider Arregi Markuleta
- Jon Gurrutxaga Urbieta
- Aratz Igartzabal Bidegain
- Paul Iruretagoiena Rezola
Zigor Leunda, Karlos Ibarguren, eta Maite Sukia izan ziren epaile lanetan eta idazkariarenean Eneritz Artetxe.
Bat-bateko saioan Maialen Lujanbio izan zen gai-jartzaile. 400 entzuleren bueltan bildu ziren Amaia Antzokian.
Saio orekatua izan zen eta bertsolarien puntuazioak ere nahiko berdinduta ibili ziren X bertso kantatu ostean. Iñigo Ibañez izan zen bigarrena.
Honako ariketak egin zituzten bertsolariek:
- AGURRAK
- LAU OINAK EMANDA ZORTZIKO TXIKIAN
- BINAKA ZORTZIKO TXIKIAN
- BINAKA ZORTZIKO HANDIAN
- BAKARKA: HASIERAKO PUNTUA EMANDA ETA GAIA EMANDA BERTSO BAT
- BUKAERAKO AGURRAK
Maider Arregi iaz leku berean kantatu zuen eta arantzatxoa iltzatuta geratu zitzaiola onartu zuen agurrean. Modurik onenean atera zuen Arregik, Patxi Goikolearen eskutatik txapel preziatua jantziz. Gozo eta fin kantatu zuen saio osoan zehar oñatiarrak. Bukaeran, bere bertso-eskolakoei eskaini zien agurra. Hona Goikolearen eta Arregiren amaierako bertsoak:
SARI EMAILEA:PATXI GOIKOLEA
Zortzi txapeldunetik
Maider lehena aurten
Non ta Arrasaten
Ohorez sentitu naiz
Txapel beltz hau janzten
Bertsoak borobilduz
Doinuz, neurri ta eten
Gaia ondo sakonduz
Hain ondo abesten
Txapeldunak zarete
Hitzekin jolasten.
MAIDER ARREGI
Oñatiarrez doia agurra
Baina ulertuko da lasai
Eskerrik asko animaittera
Etorri zain jente danai
Familixiai kuadrilliai ta
Pankartia in yozuenai
Bertso eskoliai bebai
Baina batez be Iñaki, gontzal
Ta urko nere anaiai
Ni ona naizen ez daukat argi
Baina onenak zuek zai!
Arregirena izan ziren saioko bertsorik onenetako batzuk. Lujanbiok jarritako puntuari, adibidez, maisuki erantzun zion:
Arrasatera zatoz
Dotore jantzita
Hala janztean amak
Neri esan dit-ta
Herri hau nire ustez
Ez da hain polita
Ta nik ematen diot
Ederraren pinta.
Idatzizkoen sari-banaketak
Maialen Akizuk jaso zuen bertso-paper onenen saria helduenen mailan. Txapelketa honetako partaideei gai bat ematen zaie eta ordubete izaten dute zenbait bertso idazteko. Honakoak izan ziren idatzikoetako irabazleak:
LH3 ETA 4 (8-9 URTE)
Irabazlea: Sara Garcia Rubio (Ordiziako Jakintza ikastola)
Aipamenak: Eneritz Carcedo (Elgoibar ikastola), Aratz Lasa (Ataungo Joxemiel Barandiaran Eskola), Leire Lizaso Uriarte (Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola), June Sudupe Beristain (Debako Luzaro Eskola)
LH5 ETA 6 (10-12 URTE)
IRABAZLEA: Aner Perez Manterola (Zarauzko Orokieta Herri Eskola)
Aipamenak: Antton Akizu (Soraluzeko eskola), Julen Medina (Urnietako Egape Ikastola), Aloña Salegi Alkorta (Debako Luzaro Ikastetxea), Uxuri Urrate Ibarzabal (Urretxu-Zumarraga ikastola)
DBH lehen zikloa (12-14 urte)
IRABAZLEA: Iker Letamendia (Azpeitiko Iraurgi ikastetxea)
AIPAMENAK: Maddi Landa Etxabe (Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola), Araitz Sagarna (Oiartzungo Haurtzaro ikastola), Jone Narbaiza Martinez de Albeniz (Legazpiko Olazabala Institutua), Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasaingo Loinazpe institutua)
DBH2. ZILOA ETA BATXILERGOA
IRABAZLEA: Maialen Akizu (Urretxuko Joxemari Iparragirre Institutua)
AIPAMENAK: Iraitz Mateo Gogorza (Errenteria-Oreretako Oiartzo ikastola), Iraitz Sarasola Lopetegi (Ordiziako Jakintza ikastola), Nagoa Agirre Arozamena (Urnietako Egape ikastola), Aratz Igartzabal Bidegain (Beasaingo Txindoki institutua)