Azkoitian jokatu zen Eskolarteko azken kanporaketa

2014/04/11
Atzo ospatu ziren saio didaktikoa, idatzizko eta bat-bateko sariketak • Azkoitiko Iraurgi elkartean jokatu zen bat-bateko saioan Aratz Igartzabal izan zen garaile • Zuzenean sailkatu da finalera

Atzo jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketa.

Azkoitian izan zen eta inguruetako bertsolari eta bertsozale ugari bildu zituen. Idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketa jokatu ziren. 14 urtetik 18 urte bitarteko gazteen artean, Aratz Igartzabal gabiriarrak jaso zuen finalera zuzenean sailkatzeko txartela.

Formatu aldaketa                                                                                                                                                                                                                                                                                             

Gipuzkoako Eskolarteko txapelketaren 34. edizioa da honakoa, baina txapelketa eraberrituta dator aurten. Gogoeta luze baten ondoren, zenbait aldaketa egitea erabaki zen.

Arratsaldeko ekitaldia, lehenbizi idatzizkoaren txanda izan zen, Azkoitiko Floreaga ikastetxean. Azkoitiko Floreaga, Xabier Munibe eta Azpeitiko Ikasberriko 83 haurrek hartu zuten parte.

Ondoren, saio didaktikoarekin jarraitu zuten. Eneritz Artetxe eta Jokin Uranga bertsolariek, Amaia Agirrek gaijartzaileak jarritako ariketak egin zituzten.  Aretoa bete zuten gaztetxoek asko gozatu zuten bertsolarien jardunarekin.

Bat-bateko saioa

Aurtengo beste nobedadea bat-bateko txapelketaren formatua izan da. Lehen idatziko sariketaren segidan egiten zen txapelketa jaialdi formatuan. Aurtengo edizioan, ordea, afari-merienda bat egin ostean jardun zuten bertsolariek lehian, mahai-inguruan. Ondorengoak dira Azkotian abestu zuten bertsolari gazteen zerrenda: Oier Etxeberria (Azpeitia), Iñigo Ibañez (Azpeitia), Mikel Oria (Zerain), Maialen Akizu (Urretxu), Libe Goenaga (Getaria), Ane Peñagarikano (Zarautz), Aratz Igartzabal (Gabiria). Gaijartzaile lanetan Inaxio Usarralde aritu zen. Iñigo Legorburu, Karlos Ibarguren eta Zigor Leunda aritu ziren epaile lanetan.