Gipuzkoa

Andoni Egañaren Donostiako Bertso terapietan parte hartzeko izen ematea ireki da

2014/09/10
Bertsolaritzaren inguruko hausnarketarako gunea izan nahi du “Bertso Terapiak”. Helburua ez da bertsoak sortzea, bai, ordea, horiei buruz hizketan aritzea, gogoetatzea eta iritziak konpartitzea.

Andoni Egañak gidatuko ditu Donostiako Lugaritz Kultur Etxean egingo diren “Bertso Terapiak”. Bertan parte hartu nahi duenak irailaren 9tik irailaren 26ra bitarteko epea izango du izena emateko. Interesa dutenek, Donostiako edozein kultur etxetan edo www.donostiakultura.com web orrian eman behar dute izena.

“Bertso terapiak” formato berriko ekimena da. Ohikok dira herri eta hirietan haur nahiz helduentzako bertso-eskolak. Herri batzuetan bertso-taldeak ere badira. Gutxiago edo gehiago, bakoitzaren gogo eta grinaren arabera bertsotan aritu eta trebatzea da talde horien helburu nagusi.

Bertsolaritza eta bertsogintza badira, ordea, euskaltzale eta bertsozale askoren mintzagai, nahiz eta bertsotan aritzeko gogo eta asmorik izan ez. Batik bat Txapelketa, Bertso-eguna eta  horrelakoen ostean, barra-barra entzuten dira halako saio, halako bertso edo halako bertsolariri buruzko iruzkin eta azalpenak.

“Bertso-terapiak”en, saioak gidatuko dituenaren eskutik, jakin min, kritika, azalpen… horiei egin nahi zaie tartea. “Irakurle-talde” eta Bertso-eskolaren” arteko zerbait litzateke beraz. Tokian tokiko bertsolaritzaren historia bil daiteke; bertso paper sorta bat aukeratu eta hurrengo astean haren komentarioa egin; bat bateko saio baten komentarioa egin daiteke; bertsogintza eta bertsolaritzaren antolaketa arazoez aritu; herriko bertsolaritzari buruzko diagnostikoa egin…

Bide berri bat da “bertso-terapiak”, bertsotan aritzeko grinarik ez izan arren, bertsolaritzaren inguruko gaiez gustura solastuko den talde bati ildoa eskainiko diona.