Gipuzkoa

Aldaketa Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaritzan

2020/03/10
Pasa den ostegunean, martxoaren 5ean, egin zen ohiko batzar nagusia

Martxoaren 5ean, arratsaldeko 18:30ean, Villabonako Subijana etxean (Mintzolan), egin zen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen ohiko batzar nagusia, eta 29 bazkide elkartu ziren.

Saroi Jauregik eta Eneritz Artetxek 2019ko nondik norakoak eta balantze ekonomikoa azaldu ondoren, Iñaki Gurrutxagak, Asier Azpirozek eta Iker Iriartek 2020rako egitasmoa aurkeztu zuten.

Elkartearen funtzionamenduaren inguruko partaidetza prozesuak ere izan zuen lekua Gipuzkoako batzarrean. Beñat Gaztelumendik eta Jon Agirresarobek eman zituzten prozesuaren inguruko xehetasunak.

Gipuzkoako Zuzendaritza Batzordea berrantolatzen

Behin 2020rako egitasmoa eta aurrekontua onartuta, Saroi Jauregik hartu zuen hitza berriz ere. 10 urte pasatu ditu Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari karguan, eta iazko batzarrean eskatu zuen erreleboa.

Bertsozale Elkarteak euskalgintzan eta kulturgintzan izan behako lukeen kokapena kontuan izanda, ezinbestekoa ikusten da Gipuzkoako lehendakaritza taldean hartzea eta erreferente ezberdinak sortzea. Bestalde, Zuzendaritza Batzordea kide berriz elikatzeko beharra ere identifikatu da.

Hori horrela, osteguneko batzarrean egungo Zuzendaritza Batzordetik Asier Azpiroz proposatu zen lehendakaritza taldeko kargudun, eta aldeko 28 botorekin onartu zen. Datozen hilabeteetan, Elkartearen 3 zeharlerroak kontuan izanda lehendakaritza taldea osatzea izango da lehentasunezko egitekoa.

Martxoaren 5eko batzar nagusia, Mintzolan.